Bertsolaritzearen presentzia mediatikoa jorratu dau Antxoka Agirrek
2020-01-15 08:02 BertsolaritzeaKazetaritza piezen corpus garrantzitsu bat berreskuratu eta lan potoloa egin dau Antxoka Agirrek.
Antxoka Agirrek egin dau bertsolaritzearen presentzia mediatikoan ardaztutako lan mardula, UPV/EHUren barruan. Hainbat hedabidetako testuak jorratzeaz batera, garaian garaiko testuinguru soziala eta bertsolaritzearen eragiletzea be aztertu dau tesiaren egileak.
Pasa dan urtearen hondarrean aurkeztu eban Antxoka Agirrek bere doktoregai tesia adituen epaimahaiaren aurrean, UPV/EHUko Leioako campusean. Bertsolaritzearen presentzia mediatikoa oinarri dauen lana egin dau zumaiarrak, Bertsolaritzearen Historia: Hedabideratzea, eragiletzea eta proiektua (1823-2018): Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat izenburupean. Hedabideratze hori aztertzerakoan, bestelako zenbait alderdi be landu ditu ikertzaileak; hainbat hedabidetan arakatu eta topautako testuak batzen lan handia egiteaz gan, batutako hori kokatzeko, testuingurua bera be aztertu dauelako halabeharrez. Holan, kazetaritza piezen corpus garrantzitsu bat berreskuratu eta lan potoloa egin dau Antxoka Agirrek hiru urteren buruan, Txema Ramirez de la Piscina eta Simon Peña Fernandez irakasleen zuzendaritzapean.
Bertsolaritzearen presentzia mediatikoaren hariari tiraka garaian garaiko eragileak, bertsolaritzea eguneratzeko horreek egindako ahaleginak, barrikuntza proiektuok euskal kulturearen bilakaera orokorragaz izan leikiezan loturak edota ikuspegi ezbardinek eragindako korapiloak ezagutzeko modua izan daitekeela nabarmendu dau egileak, izan be, hainbatetan kazetaritza testuen sinadurak bat etorriko dira bertsolaritzearen eragileakaz eta, honenbestez, bertsolaritzearen eragiletzearen historia funtsezkoa da bertsolaritzearen presentzia mediatikoaren historia ulertzeko; eta alderantziz.
Era berean, argitaratzen dituen komunikabideen izakereak sasoian sasoiko kultur proiektuen inguruko zantzoak eskainiko ditue, edota hartzaileak be atzemon ahal izango dira prentsako orrialdeetan ikertzailearen esanetan; kontua da ze, presentzia mediatikoaren eta eragiletzearen historiak bertsolaritzearen historia sozialean txertatutako neurrian, historia hori osotzen lagundu leikiela. Gainera, testuingurua modu zabalago batean ulertzeko Euskal Herriko kulturgintzearen bilakaerea edota Europan kultura popularrak bizi izandakoa azaltzen daben lanetara be jo dau Agirrek.
Era kronologikoan antolatu dau kontakizuna lanean, eta garaiaz gan, formatu edo euskarri mediatiko ezbardinetan emondako pausu nagusiak aintzat hartuta.
Zelan lortu dau bertsolaritzeak egun dauen arreta mediatiko ezohikoa? Eta zelan dauka bertsolaritzeak pisu hori gaurko euskal kultur sisteman? Horreek erantzuteko bide-orriari jarraituta, argitaratua dau jada Antxoka Agirrek doktore autortzea ekarri deutson tesia, eta bertsolaritzeari ekarpen handia egin deutsona.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!