Emon barik itxi dabe Lizardi Saria
2020-01-14 13:00 Literatura17 lan aurkeztu ditue aurtengo sariketara.
Zarauzko Udalak antolaturiko Lizardi Sariaren XXXVIII. edizinoa irabazle barik geratu da. Saririk ez emotea erabagi dau Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Alex Gurrutxaga eta igazko irabazle Idoia Garzesek osotutako epaimahaiak eta, horregaz batera, gogoeta sakona egin dau saria erabarritu eta indartzeko.
Danetara, 17 lan aurkeztu dira, aurreko urteetan baino dozena erdi gehiago, bataz beste. Oro har, ez da lortu era honetako sari batean espero daitekeen literatur mailarik. Ez da edizino bati jagokon kontua, azken urteetan atzemondako jokerea baino; horregatik, beharrezkoa iruditzen jaku hausnarketarako eta eztabaidarako tarte bat hartzea, Lizardi sariak bultzatzen dauen literatur generoak irabazi daian, hau da, euskerazko Ume eta Gazte Literaturea, aditzera emon dabe epaimahaiko kideek. Nabarmendu dabe txalotzekoa dala udalak sariketeari eusteko eta Ume eta Gazte Literaturea indartzeko egin dauen lana. Baina egia da gure literatur sistemearen egoerea asko aldatu dala azken lau hamarkadotan. Sariketea martxan jarri zanean euskal liburuak behar genduzan, umeentzako literaturea, hezkuntzarako materialak eta bestelakoak. Gaur behar hori asetuta dogu eta beharra ez da (edo ez hainbeste) kantidadeari jagokona, kalidadeari edo egiteko moduari jagokona baino. Ondorioz, sariketeak be, ahal dan neurrian, egoereari egokitzen saiatu behar leuke, gure ustez.
Erabarritze horretarako, hainbat proposamen egin ditue: Batetik, beharrezkotzat jo dabe ume literaturea eta gazte literaturea bereiztea: Azken urteetan edade tarte oso zabalari zuzenduriko lanak aurkeztu izan dira, eta HGLren espezifikotasun zenbait lausotuak geratu. Hau konpontzeko aukera bat modalidade biak txandakatzea izan daiteke, urte batean Ume Literatura sariketea antolatuz, eta hurrengoan Gazte edo gaztetxu Literaturea.
Liburuaren edizinoa eta formatuari jagokonez, udalak ahalegina egiten dau Zarauzko eskoletan banatzeko tirada oso bat bideratzen: Baina liburuak erruz argitaratzen diran garaiotan, interesgarriagoa izan daiteke, liburuak erregaletea baino, ahalegin hori edizino dotore bat osotzen egitea. Modu horretan, Lizardi Sariak izan dauen erreferentzialtasuna edizino-lan txukunak be islatuko leuke.
Bestetik, erabarritzearen harian, ezinbestekotzat jo dabe aurkeztutako lanei buruz be pentsetea: Umiltasunez bada be, epaimahaiak azpimarratu nahi leuke Lizardi Sariak literaturari egiten deutsola gorazarre. Horregaitik, beharrezkoa da infantilismoa, didaktismo hutsa eta erabilgarritasuna baztertzea. Literaturearen indarra, obrea edozeinentzako izanda be, eregiten dauen fikzinoaren sendotasunetik eratorten da; eta, HGLren kasuan, umearentzat esanguratsuak diran mundu erreal nahiz fantastikoak eregiteak pizten dau literaturearen garra. Beraz, ezinbestekoa da irudimenaren, baliabide estetikoen eta ludikotasunaren potentzial agortezina aldarrikatzea. Ez daigun ahaztu literaturea berbearen unibersoa dala, eta berbez sortzen dauela unibersoa.
Zarauzko Udalak eskerrak emon nahi deutsee edizino honetan parte hartu daben idazle guztiei: Literatur lan bat idazteak ilusino, denpora eta esperantza asko eskatzen dau. Idazle bakotxak bere bidea egiten dau pasino dauen diziplina horretako prozesuan aurrera egiteko, eta ez da erraza norberaren lana beste begiek baloretea. Era berean, epaimahaiak azaldutako aholku eta oharrak aintzat hartzeko konpromisoa hartu dau, ume eta gazteen irakurzaletasuna eta literaturarako zaletasuna suspertzeko helburuagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!