Euskal gaiei buruzko ingelesezko bi liburu barri Center for Basque Studiesen eskutik

Bizkaie! 2010-02-18 10:35   Literatura

Julio Caro Barojaren 'The Basques' 'Euskal Klasikoak / Clásicos Vascos / Basque Classics' bildumako bosgarren liburukia da. Sabin Bikandiren lana, beste aldetik, Londoneko Unibersidadeko Goldsmiths College ospetsuan aurkeztu eban doktorego-tesia da: 'Alejandro Aldekoa: Master of Pipe and Tabor Dance Music in the Basque Country'.

Julio Caro Barojaren 'The Basques' 'Euskal Klasikoak / Clásicos Vascos / Basque Classics' bildumako bosgarren liburukia da. Sabin Bikandiren lana, beste aldetik, Londoneko Unibersidadeko Goldsmiths College ospetsuan aurkeztu eban doktorego-tesia da: 'Alejandro Aldekoa: Master of Pipe and Tabor Dance Music in the Basque Country'.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Josune Ariztondok, Eusko Ikaskuntzako kide Pello Salaburuk, Reno/Nevadako Euskal Mintegiko (Center for Basque Studies) zuzendari Joseba Zulaika eta goi-mailako musikako irakasle eta Londreseko Unibersidadean etnomusikologiako doktorea dan Sabin Bikandik aurkeztu ditue liburuok.

Julio Caro Barojaren 'The Basques' Aldundiak finantzietan dauen bosgarren liburua da, foru erakundearen eta Asociacion de Amigos del Center for Basque Studies/CBS de la Universidad de Reno-Nevada alkartearen arteko 2004ko hitzarmena sinatu zanetik. Hitzarmen horren helburua da euskal testu klasikoak ingelesez eskaintzea ingelesdun adituei eta Estadu Batuetako liburutegi garrantzitsuenei, Euskadi hobeto ezagutzen laguntzeko.

'Alejandro Aldekoa (1920-96): Master of pipe and tabor dance music in the Basque Country' lana, beste aldetik, Sabin Bikandi irakasleak Londreseko Unibersidadeko Goldsmiths College-n defendidutako doktorego-tesia da. Nevadako (Reno) Unibersidadeak orain gitxi argitaratu dau tesia, Euskadi eta beraren errealidadea ezagunago egiten laguntzen daben obrak sustatu eta editetako darabilen politikearen barruan.


The Center for Basque Studies

Nevadako Unibersidadearen (Reno) Center for Basque Studies/CBS zentroa XX. mendeko 60ko hamarkadan sortu zan, 1967an, hain zuzen be.

Nevadako Legebiltzarrak Desert Research Institute (Desertuko Ikasketen Institutua, DRI ingelesez) sortu eban 1959an, Nevadako Unibersidadearen barruko ikerketa-zentro moduan.

1960ko hamarkadearen hasieran, DRI hasi zan euskal ikasketen programa bat ezartzeko aukerea aztertzen, AEBetako inguru horretako euskal komunidadeak ikertu ahal izateko.

Robert Laxalt euskal-amerikanoak (1923-2001) 'Sweet Promised Land (Dominique. Artzain xiberotar bat Nevadan)' argitaratu eban 1957. urtean. Lan horretan, euskal ikuspegitik islatzen da AEBetako emigrante baten bizitza. Izan be, Ipar Amerikako euskal kulturea berpizten egoan testuinguru horretan egin zan Western Basque Festival jaialdia 1959ko nagilean: AEBetan eskualde mailan egin zan lehen euskal jaialdia. Nevadako Estaduko Sparkas herrian egin zan jaialdi hori.

Estadu Batuetako mendebaldean zehar sakanabatuta dagozan milaka euskaldun bertaratzen dira ekitaldi horretara. Nevadan, euskal identidade eta kulturearen arloan, ordura arte eginiko adierazpenik handiena bihurtu zan jaialdia.

Ondoren, Robert Laxalt-ek University of Nevada Press sortu eban, Nevadako Unibersidadeko argitaletxea. Laster, Euskal Liburu Saila/Basque Book Series sortu eban argitaletxe horrek.

Laxalt izan zan Euskal Kulturearen sustatzailerik handienetako bat Sparks-eko jaialdian eginiko lanari esker. Baina, horrezaz gan, Basque Studies Program jarduerearen sustatzaile nagusietakoa izan zan. Gaur egun, Center for Basque Studies edo Euskal Mintegia dogu programa hori.

Ondoren, DRIk (Desertuko Ikasketen Institutua, ingelesez) William A. Douglass, Renon jaiotako antropologoa kontratau eban 1967an, Euskal Ikasketen Programako zuzendaria izateko. Lan horretan jardun eban hogeita bi urtez, tokiko zein nazinoarteko pertsona eta erakunde askoren laguntzinoagaz.

Jon Bilbaok (1914-1994) programeagaz bat egin eban 1968an. Laxalt-ek, Douglass-ek eta Bilbaok hurrengo lau hamarkadetan, AEBetan euskal kulturearen erreferentzia izan zan programearen oinarriak ezarri zituen.

Douglass-ek, 1967an, Euskal Ikasketen Programeari ekin eutson, eta horretan jardun eban koordinatzaile, hogeita hamabi urtez. Gero, programa hori egungo Euskal Mintegia (Center for Basque Studies) bihurtu zan. Douglass-ek, bere lanbide-karrera luzean, euskal ikasketei buruzko doktorego-programa bat sortu dau, euskaldunei buruzko zenbait liburu argitaratu ditu ingelesez, eta euskal kulturearen inguruko ikastaro asko emon ditu.

Euskal Mintegia euskal ondareari buruzko erreferente bihurtu da munduan, eta euskal kultureari lotutako irakaskuntza eta ikerketa programa nagusia da, Euskal Herritik kanpo.

Renoko Euskal Liburutegiko funtsak 45.000 titulu inguru ditu. Beraz, funtsezko lekua da ingelesez berba egiten dauen munduan euskal kulturea zabaltzeko.

2007an, Nevadako Unibersidadearen (Reno) Euskal Mintegiaren berrogeigarren urteurrena ospatu zan, bai eta 'Sweet Promised Land (Dominique. Artzain xiberotar bat Nevadan)' liburuaren berrogeita hamargarren urteurrena eta University Studies Abroad Consortium-USACen (Atzerriko Unibersidade Ikasketen Partzuergoa) hogeita bosgarrena be.

Euskal Mintegiak antolatutako lehenengo udako ikastaroetan sortu zan USAC, 1970eko hamarkadan. Egun, USAC erakundea AEBetako hogeita hamahiru unibersidadek osotzen dabe, eta bertako handienetakoa da, izan be, hogeita bost herrialdetan lan egiten dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu