Paul Austerrek ‘4321’ elebarria aurkeztuko dau bihar Bilbon

Bizkaie! 2017-09-05 09:57   Literatura

Azkuna Zentroko Auditoriumean izango da AEBtako idazlea arrastiko 19:30ean.

Europatik egiten dabil bira Paul Auster bere azken elebarria, 4321, aurkezteko. Bihar Bilbon dauka hitzordua eta bertan Pablo Guimonek be parte hartuko dau. Horren ostean, Irakurlearen ordua ekimena egingo dabe ikusleek parte hartzeko aukerea izan deien.

Auster Ipar Amerikako gaur egungo idazlerik handienetako bat da, New Yorkeko trilogia ezaguna idatzi eban. Columbia unibersidadean egin zituan ikasketak, eta, literaturan lizentziadu ondoren, Parisen itzultzaile lanak egin zituan. 1974an, Estadu Batuetara itzuli zan eta bertan, Kristalezko hiria, Ghosts eta The Locked Room elebarriak idatzi zituan.

Zinemazale amorratua be bada idazlea, eta hainbat gidoi idatzi ditu, tartean: The Music of Chance, Smoke, Blue in the Face, Lulu on the Bridge eta The Inner Life of Martin Frost. Azken urteetan antologia batzuk be argitaratu ditue bere poesiarik onenakaz.

Bere ibilbide literarioan Auster-ek sari ugari jaso ditu, besteak beste, Medicis Saria eta Frantziako Arteen eta Letren Ordena. Hogeita hamar hizkuntza baino gehiagotara itzuli ditue bere lanak.

4321 elebarriari jagokonez, Ferguson dau protagonistea. Bere jaiotza datea eta lekua, 1947ko maiatzak 3 Newark-New Jersey, dira jakinarazoten dituan datu bakarrak. Istorioak maitasuna, laguntasuna, familia, artea, politikea eta heriotzea buztartzen ditu eta honegaz batera, XX. mendeko erdialdean Estadu Batuetan bizi izandako hainbat ekimen garrantzitsu be. Austerrek berak azaldu dauenez, Nire bizitzea eta ibilbide osoaren ondorio da liburua.

Azkuna Zentroko Mediateka BBK-k zabalkuntza zientifikoaren, irakurketea eta idazketearen eta barrikuntza teknologikoaren ganean lan egiten dau. Urtean zehar nazinoarteko idazle askoren alkargune espazioa bihurtu da. Honen adibide da Paul Auster.

Aurkezpenerako sarrerak aspaldi agortu ziran arren, saioa zuzenean eskainiko dabe streaming bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu