Pilar Zubiaurre: oihartzunik bako intelektuala

Bizkaie! 2010-02-03 17:45   Literatura

Pilar Zubiaurreren bizitza eta lanei buruzko liburua argitaratu dabe Garaiko Udalak, BBK eta Gerediaga Elkarteak, Nebraskako (AEB) Lincoln Unibersidadeagaz alkarlanean. Liburua zezeilaren 6an, eguerdiko 12:30etan aurkeztuko dabe Garaiko udaletxean.

Pilar Zubiaurreren bizitza eta lanei buruzko liburua argitaratu dabe Garaiko Udalak, BBK eta Gerediaga Elkarteak, Nebraskako (AEB) Lincoln Unibersidadeagaz alkarlanean. Saturraran Argitaletxeak kaleratutako lan hau Hamaika Bide Alkarteak landutako lanen artean kokatzen da, hain zuzen be, gure ondare kulturalean guztiz ezezaguna dan euskal exiliatuen memoria berreskuratzearen alorrean. Liburua zezeilaren 6an, eguerdiko 12:30etan aurkeztuko dabe Garaiko udaletxean.

Liburuki honek, 'Pilar de Zubiaurre: Evocaciones. Artículo y Diario' izenburua dauena, Nebraskako unibersidadean maisua dan Iker Gonzalez-Allendek osotutakoa, Leopoldo Gutierrezek, bere semea, idatzitako biografia eta beren idatziak batzen ditu.

Idatzien multzoak, Bilboko 'Bizkaitarra' egunkarian [1909 / 1910] eta Mexikoko 'Euzko-Deya'-n [1944 / 1958] argitaratutako artikuluak osotzen dabe. Era berean, Pilarren, gazte garaikoa [1913 / 1918] eta Errepublikea, Gerra Zibila eta erbeste garaikoa [1931 / 1943] egunkari personala batzen dau. Azkenik, bere garaiko idazle desbardinek, berari buruz idatzitako testuak, esate baterako Eugenio D´Ors edota Federico Garcia Lorca olerkariak Pilarri eskainitako poesiak sartzen dira.

Pilar Zubiaurre 1884an Garain jaio, eta 1970ean Mexikoko uriburuan hil zan. Madrilgo Errege Kaperako Musika Zuzendaria zan Valentin Zubiaurreren eta Paz Agirrezabalen alabea, hiru anai arrebetan gazteena izan zan, Ramon eta Valentin margolariak bere anaiak ziralarik.

Nahiz eta Abadiñoko Lebario baserrian hazi, lau urte zitualarik Madrilera eroan eben, lan kontuakaitik bere senideak han bizi ziralako.

Garai haretako mundu kulturalean gogo biziz parte hartu eban emakume honek; 1926an, Lyceum Club Femeninoa, Espainiako lehen alkarte feminista eta gerra-aurreko erakunde intelektual nagusienetarikoa, Maria Maeztu, Victoria Kent eta beste hainbat emakumegaz batera sortu eban eta Garcia Lorca, Granados, Galdos eta beste hainbat intelektual tarteko zirala tertuliak antolatzen eta bultzatzen zituen; horrezaz gan, bere anaien obren erakusketa eta salmentez arduratzen zan.

1922an, Ricardo Gutiérrez Abascalegaz 'Juan de la Encina' ezkondu zan. Ricardo, arte espainiarraren jakitun eta kritikoen artean, gaur egun erreferentea dana, Madrilgo Garaiko Arte Museoko lehen zuzendaria izan zan, gaur egun 'Reina Sofia' museoa danaren aitzindaria. Ricardo eta Pilarren konpromiso politiko sutsuak erbestealdira eroan zituen halabeharrez, lehenengo Frantziara eta gerora Mexikora, bikotea hil zan lekura. Halan da be, Pilarrrek Espainiara aldi baterako itzuliak egin zituan 1961ean eta hurrengo urteetan hil arte. Haren bizitza osoan zehar, Garai herriagaz hartu-emon estuak izan zituan eta bera arduratu zan oraindino zutunik dan familiaren etxeaz.

Pilar Zubiaurrek, Espainiako Kulturgintzearen munduan gogo biziz parte hartu baeban be, ikerketa kritiko eta literarioetatik kanpo geratutako emakumeen adibide bat da. Gontzal Sarrigoitiak, Garaiko alkatea, liburuaren hitzaurrean azaltzen dauenez, emakume izanak, aita, anai eta senarraren ospeak eta garai haretako gizarteak bideratu eben intelektual handi hau ostrazismora. Argitalpen honek bigarren liburuki bat be izan leike ondoren, finantzatzeko modurik aurkituko bageunke eta bertan garai haretako sozial, intelektual eta politikoekin izandako epistolarioa batuko leuke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu