2010eko 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimeneko bigarren topaketea Bilbon

Bizkaie! 2010-02-15 14:56   Literatura

'Eztabaidak Literatureagaz', jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturara hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, literatureari eta identidadeari buruzko topaketea aurkeztuko dau zezeilaren 16an, Joseba Zulaika antropologo eta filosofoagaz eta Suso de Toro idazle eta gidoilariagaz.

'Eztabaidak Literatureagaz', jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturara hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, literatureari eta identidadeari buruzko topaketea aurkeztuko dau zezeilaren 16an, Joseba Zulaika antropologo eta filosofoagaz eta Suso de Toro idazle eta gidoilariagaz.

Hitzorduak hilean behin izaten dira, martitzenez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek ekitaldiaren aurkezle eta gidari lana egiten dau eta oraingo honetan, topaketearen moderatzailea Félix Linares kazetari eta aurkezlea izango da.

Urteko bigarren hitzorduan, literaturearen eta identidadearen arteko loturak jorratuko ditue Joseba Zulaikak (Itziar, 1948) eta Suso de Torok (Santiago de Compostela, 1956). Pare bat orduko berbaldian, idazketan idazlearen sexuak dauen eragina, emakumezkoen literaturarik existiduten dan ala ez, joera politiko baten arrastoak literaturan, identidaderen batek (politikoa, etnikoa, soziala edota sexuala) beste bati gaina hartzen ete deutson lako gaiak jorratuko ditue.

Kultur antopologian doktorea da Joseba Zulaika eta egun bizitoki dauen Renoko Center for Basque Studies-eko kidea da. Bertan irakasle eta ikertzaile lanak egiten ditu eta bien bitartean, makinatxu bat liburu eta artikulu idatzi ditu.

Suso de Toro, barriz, galizierazko idazle emonkorrenetakoa dogu. Arte Modernoan lizentziatua da, telebistako gidoilaria eta ohiko kolaboratzailea prentsan eta irratian. Hogei liburu baino gehiago argitaratu ditu galizieraz eta nobela baltza da bere pasinoa.


2007ko urtarrilean 'Eztabaidak Literatureagaz' egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepúlveda eta Unai Elorriaga edo Toti Martínez de Lecea eta José Luis Corral.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena idazleakana hurreratzeko modu barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua lehen mailako kazetariakaz, historialariakaz edo idazleakaz alkartzeko aukerea eskaintzea izan da, bertan, idazketearen munduagaz lotutako gaiak planteau ahal izateko, alkarrizketearen bitartez.

2009an hamar topaketa egin ziran eta 1.600 lagun inguruk parte hartu eben. Hurrengo hiztordua martiaren 16an izango da, eta bertan egongo dira Raúl Guerra Garrido eta Jorge M. Reverte, literatura eta gerra gaiari buruz berba egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu