Bilboko Udalak 'Bilbo eta bere auzoak: historiatik begiratuta' lanaren laugarren liburukia argitaratu dau

Bizkaie! 2010-01-20 11:51   Literatura

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak argitaratu barri dauen liburuak, 'Bilbao Auzoz Auzo' udal ekimenaren azken berbaldiak jasoten ditu. Ekimen hori 'Bilbao Izan' programearen barruan sartzen da, eta helburu nagusia Bilboko barrutien historian sakontzea eta herritarrakana hurreratzea da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak argitaratu barri dauen liburuak, 'Bilbao Auzoz Auzo' udal ekimenaren azken berbaldiak jasoten ditu. Ekimen hori 'Bilbao Izan' programearen barruan sartzen da, eta helburu nagusia Bilboko barrutien historian sakontzea eta herritarrakana hurreratzea da.

Bidebarrieta Monografiak bildumearen barruan argitaratu dan laugarren liburuki hau 15 euroan eros daiteke liburu-dendetan. Liburukiak Santutxu-Txurdinaga, Deustua, Zorrotza, Ibaizabal/Abusu, Errekalde eta Arangoiti auzoak ditu ardatz, horreek baitira 2008ko zemendian emondako sei berbaldietako protagonistak. Izan be, 2005etik hona 23 berbaldi emon dira, eta horreetan, izen handiko hizlariek auzoen historiari, urigintzeari, arkitektureari edo errealidade sozialari buruzko alderdiak aztertu ditue, historiaren zenbait unetan.

Begoñako Zabalguneei buruzko atalean, Eduardo Alonso Oleak, EHUko Historia Garaikideko doktoreak, Santutxu eta Txurdinaga auzoek izan daben hazkunde prozesua deskribiduten dau. Prozesu horretan aparteko garrantzia emon deutse 60ko hamarkadan izandako aldaketa sakonei. Aldaketa horreen artean, urbanizazino anarkikoa, ondarearen deuseztapena, inprobisazinoa eta azpiegitura faltea azpimarra daitekez. Hamarkada bat geroago gertatu zan Txurdinagaren hazkundeak garapen antolatuagoaren ondoriozko alde nabarmenak erakusten deuskuz.

Susana Serranok, EHUko Historia Garaikideko doktoreak, bere lana, muturreko kokagune geografikoa dauen eta Zorrotza auzoagaz zenbait elementu partekatzen dituan Ibaizabal/Abusu auzora eroan dau. Bien elementu horreen artean dagoz ibaiaren ondoan egotea, uribilduaren urteera bat izatea eta kokagune hori industria erabilerarako aprobetxau izana. Hainbat orrialdetan gune horreek industriagaz izan daben loturea lantzen da, izan be, lotura horrek auzoen eraketea baldintzatu eban, gizartearen eta urigintzearen aldetik. Zorrotza auzoari jagokonez, Iñaki Pereda historialariak ohiko azterlan historikoa eskaintzen dau. Bertan, auzoak bizi izandako jazoera nagusiak erakusten deuskuz, garaiko agirietan lehen aldiz agertu zanetik (1300. urteko Bilboren fundazino gutuna).

EHUko irakasle diran Iñaki Bartzena eta Imanol Telleria irakasleek, euskeraz egindako lanean, Deusturen azterketea proposatzen dabe, azterketa soziala, historikoa baino gehiago. Ikerlariek oroitzapenean dagozan lekuak (pilotalekua, zubia…), 'tomate zaleen' biziteko ikuspegiak, euren modus vivendia jorratu ditue, eta ondoren kulturan oinarritu dira, azken 30 urteetan euskal kulturea berreskuratzeko egindako lanak azpimarratuz.

Javier del Vigok eta Joseba Eguiraunek, irakaskuntza ertaineko irakaslea bata eta psikologo emeritua bestea, Uribilduko beste auzo enblematiko batean zentrau dabe euren azterlana: Errekalde, Bilbok ezagutu dauen eztanda demografikoaren eta desarrollismo gordinenaren adibidea. Egileek atzera, iraganera, begiratu dabe, XX. mendearen hasierara, eta auzoaren urigintza eta arkitektura aldeko azterketa interesgarria eskaintzen deuskue.

Auzoaren alderdi sozialean (alkarteek osotutako sarea, biztanleen arteko alkartasuna…) oinarritzen dan beste ikerketa bat, Arangoiti auzoak azken urteetan izan dauen bilakaerea aztertzen dauen eta Francisco Javier Urrutia eta José Antonio Pérez (Historia Garaikideko Doktorea) adituek sinatu daben azterlana da. Oraingo honetan, uri garapenaren adibide gitxi dituan arren, nortasun handiko auzora hurreratzen gaitue.

Liburuki hau, Kultura eta Hezkuntza Sailak argitaratu dauen bildumearen laugarrena da. Aurreikuspenen arabera, bosgarren liburukia be argitaratuko da, oraindino aztertu bako auzoen historia jasoz. Holan, Bilboko barruti guztiak jasota geratuko litzatekez.

Ekimen horren bitartez, Bilboko Udalak tokiko historiaren azterketea bultzatu eta lagundu dau, eta emoitzak lan eta ikerketa serioak eta zorrotzak izan dira. Lan horreek, hasiera batean, 'Bilbao Auzoz auzo' berbaldi programan aurkeztu ziran, eta, ondoren, liburu bilduma honetan batu dira. Bildumea benetako erreferentzia da historialari profesionalentzat zein Bilboren eta bere auzoen bilakaeran interesauta dagoan edozeinentzat.

Bilboren eta bere auzoen historiari buruzko 'begirada' hau oso lagungarria izan da bilbotarrek gure auzoen sorkuntza eta ondorengo garapena hobeto ezagutu daien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu