Klasikoen XII. Etenik Bako Irakurraldiak 'Otto Pette'-ren 25 urteurrena ospatuko dau
2019-06-06 08:13 LiteraturaEkitaldia Arriaga Antzokian izango da gaur, 08:00etatik aurrera.
Euskera Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da. Arriagako Plazan egingo dan erromeria bategaz amaituko da eguna, iluntze partean. Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten dabe ekitaldia.
Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleek Klasikoen Etebik Bako Irakurketea atondu dabe hamabigarrenez, ikasturteari amaierea emoteko. Hamabi ordu jarraian, 400 bat lagun txandatuko dira Anjel Lertxundiren obrea irakurten. Ekitaldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeako pantaila batean eta EITB-ren webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean. Azkuna Zentroak Kulturen Atarian jarriko dau pantaila bat, eta, zuzenean transmitiduteaz gan, konekazinoak egingo ditu.
Irakurraldia goizeko 08:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00etan amaituko da. Anjel Lertxundik irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, irakurraldiari hasierea emoten. Ohikoa danez, euskal gizartearen arlo guztietako jenteak irakurriko ditu Otto Pette-ren pasarteak jentaurrean; ondokoak izango dira partaideetako batzuk: Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Bilboko Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibersidadeko eta Deustuko Unibersidadeko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak; Bilbo Zaharra Euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaingoaren ordezkariak, ekonomista, abokatu eta injineru eskola profesionaletako ordezkariak, eta abar. Tarteka, munduan zehar ko Euskal Etxeetan grabautako irakurketa-bideoak proiektauko dira. Bestalde, Zazpi Kaleko eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizinoei buruzko argazkiz eta kartelez osotutako erakusketea izango da ikusgai egunotan.
Klasikoen Irakurraldiari jai giroko amaierea eskaintzeko asmoz, musika eta jantza emonaldia izango dau Arriaga Antzokiaren aurreko plazan, Bilboko Gaztedi jantzari taldearen gidaritzapean. Jai honekgaz euskerazko ikasle guzti-guztiei omenalditxu bat egin nahi jake, euskal klasikoak ezagutarazoteaz gan. Horretarako, Bilbo Zaharra Euskaltegiak unidade didaktiko batzuk atondu ditu, ikastetxe, ikastola, euskaltegi eta bestelakoetan erabilteko eta lantzeko.
Otto Pette
1994ko maiatzean argitaratu eben Otto Pette obrea honako mezuagaz: Biharko klasiko bat. Beraz, haren hogeita bosgarren urteurrena ospatzen dogu aurten. Eleberri honetan, Erdi Aroan kokatutako istorio korapilatsua da ardatz. Gizon bat jauregi batean bizi da bakarrik. Baronet personaia nagusia matxinoen kontrako burrukan krudela eta odolzalea izan zan. Orain, ostera, ha dana ahaztu besterik ez dau nahi. Egun batean, gizon ezezagun baten bisitea izango dau. Atzerritarra mendeku bila dator. Biak sukaldeko mahaian jesarrita, alkarri kontauko deutse euren bizitzearen istorioa.
Otto Pette irakurteko arrazoiak ondokoak dira: hutsetik sortua izan zalako, personaia konplexuak ditualako, botere hartu-emonak bikain jorratzen ditualako, emakumezko burujabe, zentzudun eta arduratsuak hezurmamitzen ditualako eta esamolde, esaera zahar eta atsotitzen erabilera bikaina egiten dauelako. Umorea dauelako eta abentura liburua dalako. Iparraldeko hiztegia tartekatuz, egundoko ekarpena egiten dau Otto Petttek eta euskera literarioarentzako lur barriak topau zituan; berba bitan: gozamen hutsa dalako.
Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948)
Euskal idazlerik oparoenetakoa da eta euskereak dauen idazle onenetakotzat joten da. Produkzino handiko idazlea, literaturearen alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, ume eta gazte literaturea ahaztu barik. 2010ean, Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi eban, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanagaz.
Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri,
Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren % 100 Basque eta igaz Txomin Agirreren Kresala irakurri ziran.
Urtero legez, Bilbo Zaharra Forumek Arriagan irakurriko dan eleberriaren inguruko berbaldi multzoa antolatu ditu. Lehenengoa zezeilean egin zan. Hurrengo egunetan, Pako Aristi, Jon Alonso, Tere Irastortza, Garbiñe Ubeda eta Anjel Lertxundi ibili dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!