Alex Uriarte: 'Marijesiak bizirik dagoz XXI. mendean'
2020-01-13 08:08 BarriketanMarijesietan bakarlari debutau dauena.
Gernika-Lumoko Gabonetako tradizinoan oso errotuta dagoan ohiturea da, abenduaren 16-24ra bitarteko bederatziurrenean Gernikan beteten dana. Urteen joan-etorrian, Kultura-ondare immaterial hau identidade-ikur sakonaren eran jorratu da eta jatorriz gizonezkoena zan tradizio horrek emakumeen parte-hartzea onartu dau.
Kantu edo kopla horreek Marijesiak izen generikoagaz ezagunak dira, nahiz eta leku batzuetan beste izen batzuk hartu, esate baterako, Larrabetzun Joenikuek Josenekuak edo Abenduko umiek, Ea-n (Arana Martija, 1981). Kaleko berbakeran, berba bera erabilten da koplak izentetako, baita abesten dauenari esateko be.
Belaunaldiz belaunaldi heldu dira gaur arte; tradizinoak tradizino, Gernikakoak bere eboluzinoa izan dau eta horregaitik eta gure herriaren historian, kulturan eta bardintasunean dauen berezko originaltasunagaitik, 2018-19an Gernikako marijesien taldeak Marijesiak 4:00 Bederatzi gau hotzetan proiektu multimedia atondu dau (audio-diskoa mapa bategaz, kopla liburutxua, zabalkunde liburua (90 or.), Pedro Bidaguren Garratzak 1919an kopla bilduma handia argitaratutako urtearen mendeurrena betetan dan honetan.
Era berean, www.marijesiak.eus webgunea be hor dago zehetasun guztiak irakurteko.
Aurtengo barrikuntzen artean, Alex Uriarte Atxikallendek lehenengoz kantau dau bakarlari.
1.- Etxetik jatortzu zaletasuna ze aita be Marijesietan ibilten da bakarlari baina goizeko ordu txikietan, 04:00retan kantetan hastea ez da bromea izango... Denis Azkarateren laguntzinoagaz eta gau bakarra egin dozun arren, zelako esperientzia izan da?
Ederra. Baina esan behar deutsut papeletan gau bakarrean kantau behar nebala adierazo arren, urte berezia izan da hau bakarlarien partetik, ze berez lau izan beharrean, Denis, gure aita Jose Antonio, Iñaki eta Fernando, bata Catarren dagoalako, bestea Txekian egoalako, hirugarrena ahots barik dabilelako, bederatzi ez baina 6 gau izan dira eta oso pozik ibili naz. Ahotsaren inguruan nituan dudak hasi orduko konpondu dira, berbarako, tonura heltzeko eta behar dan besteko bolumena erabilteko ez dot ezelako problemarik izan.
2.- Taldearen aurrealdean, bakarlariak koplearen lehenengo ahapaldi bi abesten ditu, eta jarraian taldeak koplearen gainerako ahapaldi bi osotuz, danak zutunik jarri eta Santa Klara komenturantz joaten zarie. Oinez zoazien bitartean, bakarlariak euskeraz eta buruz, 28 kopla bakotxaren lehenengo ahapaldi biak abesten ditu, eta taldeak erantzun egiten deutso. Zelan moldatu zara?
Ondo. Berez doinuak hiru dira eta ez da bape erraza izaten buztarketea; hasteko goizaldeko lauretan doinu bat, zazpiretan beste bat eta egurdiko 14:00ak arte hiru doinuak abesten dira; adi egon behar da baina lehenengo hiru egunetan erreskadan subertau ezkero, badakizu doinu bera tokauko jatzula baina azken egunean, hiru erronda egiten dozuzanean, burua oso argi izan behar dozu.
Berben harian, barriz, marijesion artean badago latineko esakera bat Ad libitum, eta horrek esan gura dau, inprobisau eta bakotxak egin daiala ahal dan moduan; berez badago orden zehatza liburuxketan eta ahal dan neurrian hori jagon egin behar da. Baina bakarlariak badauka askatasuntxua ibilbidean ez dagozan geldialdiak egiteko eta horreetan egokitzat joten dituan koplak kantetako. Kontua da ze bakarlaria taldearen eta jarduerearen arduraduna dala, bakarlariak beti izan dira marijesien arteko buruzagiak.
3.- Gernikako Marijesietan abesten diren kantuak kopla-zaharrak dira, eta 1915-eko testu baten izenburuak argitzen dauen moduan, buruz abesten dira: 'Canta Barriak Gaboneracuac, bederatzi egunian cantateco. Marijesiac burus euquiteco direnac'...
Koplak bizkaieraz dagoz (gaztelaniaz bakarra), eta literatura erlijiosoan erabilitakoaren antzera (XX. mende hasieran euskaltzaleak bultzatutako eredutik urrun geratzen dana). Koplak historia biblikoa kontetan dabe, baina batez be Enkarnazinoa eta Jesukristoren jaiotzea.
Bestetik, aitatu dozuzan horreek batuta dagozanak dira baina Marijesiak 4:00 dokumentala atontzen eta ibili ginanean, Amagoia L. de Larruzeak esan eustan sano zaharrak izateagaitik asko kanpoan geratu dirala, sasoiko grafia, letrakera eta enparauakaitik.
Dana dala, jatorriaren harian, 1699an dokumentetan dira lehenengoz eta XIX. mendearen amaierara arte ez dago beste lekukorik.
1919an, Pedro Bidaguren Garratza lumotarrak Cantac Barriac Gaboneracuac bedertzi egunian cantateco. Marijesiac burus euquiteco direnac izeneko liburutxua argitaratu eban eta orduko Gernikako kaleetan ondo ezagunak ziran Gabonaurreko koplak lehenengoz inprentan emon zituan.
Kontuak kontu, jatorria argi ez dagoan arren, garrantzitsuena da Marijesiak bizirik dagozala XXI. mendean.
4.- Bederatziurrenean zehar kantuen melodiak aldatuz doaz. Lehenengo lau gauetan melodia serioa eta Kreazinoaren eta Familia Sagraduaren irudiak aurkezteko koplak abesten dira. Hurrengo bost gauetan melodia alaituz doa eta Jesukristoren irudiari buruzko koplak abesten dira, Adoratzen zaitugu, Jesukristo lemapean. Azken egunean, abenduaren 24an goizean, beste erronda bi egiten dira segiduan, Bart Belenen jaio da Jesus Nazareten lelo, Jesukristo jaio dala iragarten daben koplak abestuz. Erlijinoa eta marijesiak buztartuta dagoz ala ez?
Gazteen arteko sasi eztabaidea dago, izan be, erlijinoaren tradizino batetik datorrela ez dago ukatzerik, berbei eta erreparauta nahikoa da horretaz jaubetzeko; baina salbuespenak salbuespen, dokumentalean nabarmentzen dan moduan oso jente gitxi dago egun helburu erlijioso batengaitik kantetan dauena. Nire eretxiz, ondarea eta tradizinoa da gehiago, gernikartasuna, identidade-ikurra, hain zuzen be, kristinautasun kontu bat baino. Ganera, euskerearen zein literaturearen arloei erreparauta be sano interesgarriak dira koplak eta aurten argitaratu dogun liburuan be antxinako Gernika bonbardeau ebeneko sasoietako kontuak ezagutzeko be baliogarriak dira.
5.- Musikea, doinuak, koplak eta antzerkia. Antzezleak zarie?
Marijesien jatorrira joanda, helburua eleizako sakramentuak kaleratzea zan; oso musikalak dira eta literaturearen arloan be orduko berbakerea gorde da. Antzezpena be badira marijesiak, eszenaka banatzen dira, ibilbidea etapaka banatuta dago eta nik neuk umetatik izan dodan idea da kantetako momentuetan antzezlekuan nagoala eta bakarlari nabilenetik indartu egin da idea hori.
Jose Antonio Arana Martijaren arabera, gure marijesiak Erdi Aroko antzerkiaren haritik etorriko litzatekez, eta zehatzago esateko hurrengo mendeetan lantzen dan antzerki erlijiosotik: lehenago eleizearen barruan egiten zan antzerkia baina Eleizearen debekuen eraginez, eleizatik kanpora egiten hasi ziran. Marijesien jardueran badira oso teatralak diran elementuak: historia kontetan da, melodien arabera historia-zati osogarriak diranak; eta batera hiru melodia dira (antxinako hiru akto edo arauen antzera), bederatziurrenean banatuta (1-4, 5-8, 9); ibilbidea beti hasiera-amaiera berekoa, leku batzuetan belauniko, besteetan ibilian.
6.- 2019an batutako diruak nora joan dira?
Urtero giza proiektuak izaten doguz gogoan baina jenteak jakin behar dau proiektu asko jorratzen eta ikertzen dirala, edozeinek, marijesia izan edo ez aukerea dauka proposamena egiteko. Aurten Marijesiak 4:00 proiektua pagetako erabili da batutako diruaren erdia edo eta ganerakoa, barriz, Aita Mari Zubia itsasontziaren proiektura joango da, itsasoan, Mediterraneoan lan handia egiten dabilen taldeak hartuko dau.
7.- Zer dira Marijesiak zuretzako?
Umetan abenturea zan niretzako. Nire bururi beti esaten neutsan aita nora joango ete zan goizaldeko orduetan. Oso arduratuta nengoan eta baten aita kalera joan eta atzetik joan nintzanekoa ez daukat ahaztuteko, lehenengo errondea eta lehenengo bronkea ordukoak dira [Barreka].
Aurrerago, Gabonak ulertzeko modua dira niretzako Marijesiak.
Ganerakoan, Marijesiak, Gernikan Gabonaurrean betetan dan bederatziurrena da, bertan antxinatik ezagutu eta gordetan dana. Tradizinoari emoten jakon izena lehenengo lau egunetan kantetan diran koplen lelotik dator: Maria, Jose> marijesi, marijes, mariajes.
8.- Emakumeak be badabiz Marijesietan eta igaz Ane Miren Arejitak debutau eban. Erreleboa bermatuta dago. Emon deutsu aholkurik?
Alkarri emon deutsaguz aholkuak. Ane Mirenegaz umetatik ibili naz, ikastolan alkarregaz ibilitakoak gara eta laguna dot txikitatik. Koralean dabil Arejita eta tonuari eusteko eta holakoetan laguntzinoa emon deust. Nik berari, urduritasunak eta kentzeko bideak erakutsi deutsadaz, Marijesietan umetatik nabilenez badakit ze kopla gorde behar dan, noiz belaunikatu eta noiz ez eta bestelakoak. Denis Azkaratek be lan handia egin dau geugaz eta esker ona adierazoten deutsagu.
Ganerakoan, Mila de Obieta hasi zanetik (1965 inguruan) beste asko ibili dira marijesietan gaur egun emakumeak eta gizonak erdiz erdi izan arte. Florita Sardui, Rosa Artola, Pili Totorika, Evita Bidaguren, Anabel Ispizua, Maitena Olabarriaga, Belen Bartolome, Merce Fernandez eta beste asko be asko ez doguz ahaztu behar.
9.- 2018-19an Gernikako marijesien taldeak Marijesiak 4:00 Bederatzi gau hotzetan proiektu multimedia atondu dau (audio-diskoa mapa bategaz, kopla liburutxua, zabalkunde liburua (90 or.). Proiekzinoetan eta herritarrek zelan hartu dabe proiektua?
Gernikan ondo eta proiekzinoak izan dira beste herri guztietan be pozik joan da jentea etxera. Gernikako Lizeo antzokian 3 proiekzino izan ziran eta hiruretan ganezka egon da aretoa, sarrera barik be geratu gara. Herriko eta herriarentzako zeozer dan neurrian inportantea zan sarrerak doban izatea eta harrerea sano ona izan da.
Oier Plazak (FMK Filmak) dokumental batean batu ditu praktika berezi honen nondik norakoak. Iñaki Gonzalez bakarlariak lagundu deutso gidoia eratzen, eta Amagoia Lopez de Larruzea arduratu da dokumentazinoaz.
10.- Pedro Bidaguren Garratzak 1919an kopla bilduma handia argitaratutako urtearen mendeurrena betetan dan honetan suspertu dira Marijesiak...
Bai. 1919an Pedro Bidaguren Garratza lumotarrak Cantac Berriac Gaboneracuac Bedertzi egunian cantateco Marijesiac Burus euquiteco direnac izeneko liburutxua argitaratu eta orduko Gernikako kaleetan ondo ezagunak ziran Gabonaurreko koplak lehenengoz inprentan emon zituan.
Dana dala, jatorriaren harian, 1699an dokumentetan dira lehenengoz eta XIX. mendearen amaierara arte ez dago beste lekukorik.
Jatorria argi ez dagoan arren, garrantzitsuena da Marijesiak bizirik dagozala XXI. mendean.
11.- Dokumentalean (59 minutuan) tradizinoaren joana eta oraina batu nahi izan da, ondarea batu, gorde eta trasmitiduteko helburuagaz. Proiektu honek erakunde pribatu eta publikoen laguntzinoa jaso dau. Hau zan momentua Marijesiak 4:00 proiektua plazaratzeko?
Bai, mendeurrena bete da, bederatzi gau hotzetan ibili gara, 39 kopla dira...Bederatzi asko pilatu jakuz eta hau zan urterik egokiena holako lan potoloa plazaratzeko. Ganera, lantaldean egindako kontua izan da eta beren-beregi nabarmendu gura neuke kanpoan bizi arren, Iñaki Gonzalezek egin dauen eragile lana; Oier Plazak zuzendari eta gidoi lanak be egin ditu eta txalotzekoa da hori be. Eta ezin ahaztu Amagoia L. Larruzeak egindako dokumentazino lana.
12.- Argentinan, Tandileko Gure-Etxe Euskal Etxean estreinau eben oraintsu, Euskal Etxearen 70. urteurreneko ospakizunen barruan...
Bai, Euskal Etxearen 70. urteurreneko ospakizunen barruan, Argentinako Tandil herrian izan zan proiekzinoa abenduaren 29an, Gure Etxea-Euskal Etxean egindako ekitaldi hunkigarria. Gernikan bizi izandako baten eraginez, Euskal Etxekoak eurak arduratu ziran kudeaketaz, azpiegituraz zein bestelakoez eta bertako euskaldunen erantzuna bikaina izan zan.
13.- Proiektuaren bilduma osoa (dokumentala, audio-diskoa, koplen liburua, zabalkunde liburua) Gernikako Liburudendetan (Gaubeka, Obaba, Berezi, Samaitz), Euskal Souvenirs eta Turismo bulegoan erosi daiteke 20 euroan. Edonon dago erosteko?
Oraingoz Gernikan, esan dozuzan leku horreetan. Isla txikitxua da gurea eta alkarri kalte egiten ibilten gara sarri. Hasierako asmoa zan Durangoko Azokan be muturra sartzea argitaletxe potolo baten babesagaz. Gastuak handiegiak ziralakoan, bertan behera geratu zan dana. Azkenean, herriko negozioen alde egitea erabagi dogu.
Eguneratutako daturik ez daukat baina Lizeoko proiekzino bien ostean, saltzeko lekua ipini genduan eta asko saldu ziran, baita Bilboko hitzorduan be.
14.- Zeintzuk dira bihar-etzirako erronkak?
Aurten handia egin dogu Marijesiak 4:00 proiektua plazaratuta baina erronken artean, bakarlarian kantetako sistemea aldatzea nabarmenduko deutsut eta, jakina, emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!