Zezeilaren 14tik 16ra egingo dabe neguko bertso barnetegia

Bizkaie! 2020-01-10 08:03   Bertsolaritzea

Bizkaiko bertso eskoletako gazteei alkar ezagutzeko aukerea emongo deutse.

2019ko neguko barnetegian, Onintza Enbeita gazte batzukaz bertsotan (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak neguko bertso barnetegiak antolatu ditu, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako. Zezeilaren 14tik 16ra bitarteko asteburuan egingo dabe egonaldia, Gautegiz Arteaga udalerriko Baratze baserri eskolan. Batez be, bertso eskoletan dabizan neska-mutilei egin deutse apuntetako deia Alkarteak.

Helburu nagusiak bi dira: Lehenengoa, bertso eskoletan dabizan gazteek alkar ezagutzea; bigarrena, euren arteko harreman-sarea sortzen laguntzea. Horrezaz gan, parte-hartzaileek bertsotan egingo dabe, giro atsegin eta lagunartekoan, ondo paseteaz batera. Seguruenez, bertsolari ezagunen bisitea izango dabe.

Izena emoteko epea zabalik dago, urtarrilaren 28ra arte. Interesa dabenek izena emoteko orria bete beharko dabe (hemen). Prezioa 40 euro dira. Edozein zalantza izan ezkero, 946812711 telefono zenbakian eskatu leiteke informazino gehiago.

Bertsoak izango dira neguko barnetegiaren ardatza, baina beste jarduera batzuk be egingo ditue gazteek, Baratze naturearen erdi-erdian dagoala aprobetxauta. Hortaz, parte-hartzaileek kirol-erropea eta oinetako erosoak eroan beharko ditue. Horrezaz gan, lo zakua eta etxeko zapatilak be beharko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu