Sorotan Bele gogoratuko dabe, taldea sortu eta 30 urtera
2020-01-09 13:24 MusikeaHerrietako musika bandek hartuko dabe parte ikuskizun barrian.
1990eko hamarkadako euskal musikan mugarria ezarri eban Sorotan Bele taldeak, eta desagertu zanetik urte batzuk pasau diran arren, zale askok gogoan dabe oraindino. Hain zuzen be, 2020an beteko dira 30 urte taldea martxan hasi zanetik, eta urteurren horren atxakian ikuskizun barria ipini dabe martxan, Sorotan Bele Gogoan.
Ikuskizunaren oinarria herrietako musika bandak izango dira. Urbil Artola eta Gorka Sarriegi, Sorotan Beleko kide ohiak, herririk herri joango dira, eta leku bakotxeko bandeagaz batera emongo dabe kontzertua. Sorotan Beleren kantu ezagunak interpretauko ditue. Gauzak errazteko, Xabier Zabalak kantuen hainbat partitura egokitu ditu bandeak joteko moduko formatura.
Sorotan Bele Gogoan ekimenaren helburu nagusia kantu hareek itxitako ondarea transmitidutea da. Bide batez, aspaldiko doinuak gogoratuko ditue, eta, herriko bandeagaz batera, publikoak eta musikariek alkarregaz abestuko dabe. Taldearen sorreratik 30 urte bete diranez, aukera aproposa ikusi dabe antolatzaileek Sorotan Beleren musikea barriro oholtzara eroateko.
Honenbestez, Sorotan Belek dei egin deutse herrietako musika bandei, ikuskizun honetan parte hartu eta kantu ezagunak euren herri edo auzora eroateko. Baga Biga diskoetxea dabil kontzertuotako kontratazinoa antolatzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!