Asgarth taldea bueltan da

Bizkaie! 2020-01-09 10:21   Musikea

2007tik geldirik egon da Gipuzkoako heavy metal boskotea.

Asgarthen boskote barria, taldeak berak zabaldutako argazkian. | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte barriagaz batera zabaldu dau albistea Asgarth taldeak: Dozena bat urtez isilik egon eta gero, barriro agertokietara bueltauko dira, euskal publikoari doinu indartsuak eskaini eta egurra banatzeko, ohar baten taldekideek azaldu dabenez. Zuzeneko emonaldiak, behinik behin, egingo ditue, oraindino egutegi zehatzik ez badaukie be. Ganera, kantu barriak sortzen hasteko asmoa dabe.

1997an hasi zan Añorgako Asgarth taldearen ibilbidea, euskerazko heavy metalaren loraldiaren barruan. Gaztea maketa lehiaketea irabazita, hasieratik bihurtu ziran musikazaleen erreferente, eta 1999an plazaratu eben lehenengo diskoa, Jainkoen egoitza. Danetara, lau disko atera zituen, 2007ko irailean ibilbidea eten eben arte.

Orain, hamabi urte pasautxu geroago, barriro egongo da Asgarth zuzenean entzuteko aukerea. Edozelan be, aldaketa batzuk dagoz boskotean: Mikel Yarza baxu jolea eta Etxahun Urkizu bateria batu dira proiektura. Hilotz taldean ibilitakoak dira biak. 2007tik segitzen dabe Asier Enbilek, Ander Cañasek eta Unai Zabalak.

Taldekide barri biak berehala egokitu dira, alde musikaletik zein personaletik, Asgarthek oharrean azaldu dauenez. Lehenengo Asgarthen eta oraingo asmoen arteko kontrastea sortu dala dinoe, taldekide zaharrak eta barriak batuta. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu