Orkestra Zuzendaritzako IV. Topaketea amaitzeko, kontzertua barikuan

Bizkaie! 2020-01-08 10:08   Musikea

Bilboko Udal Musika Bandearen urteko lehen kontzertua izango da, ganera.

José R. Pascual Vilaplana zuzendaria, Udal Bandearen kontzertu baten | Ikusi handiago | Argazki originala

2016tik antolatzen ditu Bilboko Udal Musika Bandeak Orkestra Zuzendaritzako Topaketak, ofizio horren inguruko jakingarriak zabaldu eta nazinoarteko maisuen partetik ikasgai baliotsuak jasoteko. Bilboko Udalak ohar baten azaldu dauenez, orkestrako zuzendaritza ikasketak gaur egungo formazinoetan sustatzea da helburua, eta baliabide teknikoak eta artistikoak eskaintzea talde instrumentalen zuzendaritzan jarduteko.

Aurten, laugarren edizinoan, Thomas Doss zuzendari austriar ospetsua konbidau dabe. Zuzendaritzako irakaslea da Vienako Konservatorium Wien Privatuniversität dalakoan, eta herrialde askotan ibili da irakasten, sortzen zein zuzentzen. Ohiko moduan, José Rafael Pascual Vilaplana, Bilboko Bandako arduraduna, da topaketearen gidaria.

Deialdiak erantzun bikaina izan dau. Atzo, martitzena, hasi eta barikura arte, 57 lagun dabiz topaketetan parte hartzen: 11 entzule, eta ganerako 46ak, aktibo. Leku ugaritatik etorri dira, Euskal Herritik batzuk, eta Europako beste herrialde batzuetatik besteak. Epaimahaiak irabazlea aukeratuko dau topaketea amaitzean, 2020-2021 denporaldian Azkuna Zentroko Atrioan egingo dan kontzertu baten zuzendari izan daiten.

Topaketea biribiltzeko, kontzertua antolatu dabe Juan Crisóstomo Arriaga Konserbatorioan, urtarrilaren 10ean. Arratsaldeko seiretan hasiko da, eta sartzea doban izango da. Giusepe Verdi, Vincent Persichetti eta Thomas Doss irakasle konbidaduaren obrak entzun ahal izango dira. Bilboko Udal Musika Bandearen 2020ko lehenengo kontzertua izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu