Euskerearen normalizazinoa eta telebistea aztertu ditu Asier Larrinagak

Bizkaie! 2020-01-08 08:03   Euskerea berbagai

UEUk eta EHUk alkarregaz argitaratu dabe liburua.

Euskerearen normalizazinoaren historian arretea jarri dau Asier Larrinaga EiTBko Euskera Zerbitzuaren buruak, oraintsu plazaratu dauen liburuan. Izenburuak berak ikerlanaren nondik norakoak garbi adierazoten ditu: Euskararen normalizazioa: Ikuspegi orokorra eta Euskal Telebistaren kasu partikularra. 1960tik gaur egunera arteko errepasoa egin dau, baina telebista publikoak egindako ekarpena jorratu dau zehaztasun handiagoz.

Hedabideen normalizazino-eginkizunari buruzko oinarri teorikoetatik abiatuta, euskerea bizibarritzeko prozesuaren ikuspegi orokorra eskaintzen dau Larrinagak, eta horren barruan Euskal Telebistak orain arte izan dituan betekizunen inguruko datuak batu, hiru alderdi bereiziz: euskerearen corpusa, euskeren estatusa eta euskerearen jabekuntzea.

Euskera batua zabaltzeko eta orokortzeko prozesuan Euskal Telebistak izan dauen eragina eta izan behar leuken jarrerea da liburuaren ardatzetako bat. Batez be, euskera batua ahozko erregistroetara egokitzeko orduan da inportantea ETBren jarduna.

1982an sortu zan Euskal Telebista, eta, hortaz, euskerea galzoritik atera eban normalizazinoa hasita egoan ordurako. Uste orokortua da, baina, telebista publikoaren ekarria ezinbestekoa izan dala, eta oraindino badala, euskerea normaltzeko bidean. Hori berresten daben ikerketa askorik ez dagoanez, Larrinagak gaiari heldu deutso, ETBk daukan zeregina eta garrantzia zehazteko asmoz.

Hizkuntzen normalizazinoan hedabideek daukien zereginaz gitxi ikertu izan da, Larrinagaren ustez, eta deigarria da hori, Europako komunidade txiki askotan telebistek izan daben pisua kontuan hartuta. Euskereak ez eze, katalanak eta galesak be euren telebista publikoen bidez izan daben bultzadea aztertu dau liburuko atal baten.

EHUk eta UEUk alkarlanean argitaratu daben 350 orrialdeko lan honetan, ganera, hizkuntza txikiek dituen erronkak errepasau ditu Larrinagak: Hedabideak konsumiduteko bitarteko barriak, eragile barrien lehia... gogoan hartzeko eragileak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu