250.742 lagun Bilboko Arte Eder Museoan
2020-01-03 08:10 KultureaMuseoaren webguneak 432.193 erabiltzaile izan ditu (398.624 erabiltzaile 2018an).
Aurreko urtean inaugurautako erakusketez gan, besteak beste, ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa eta 68aren ostean, museoak ikusgai jarri ditu Zuloaga (1870-1945) atzera begirako erakusketa handia, Zubiaurretarrak. Memoria grafikoa, eta egun ikusgai diran Isabel Baquedano. Edertasunaz eta sakratuaz eta Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian erakusketak eta Víctor Ericeren Harria eta zerua bideo-instalazinoa. Eskaintza zabal horri, eta Obra Gonbidatua programearen eta beste erakusketa ibiltari batzuen eskaintzeari esker, aurten 250.000 bisitari baino gehiago izan ditu museoak, aurreko urteko kopuruaren antzekoa dan zenbatekoa (252.928).
Jatorriari jagokonez, nabarmentzekoa da gure erkidegotik kanpoko turismoaren portzentajeak gora egin dauela eta, beraz, bisitari-kopuru osoaren % 42,6 izan da aurten (% 40,7, 2019an), horreetatik % 16,8 Espainiatik etorri da, eta % 25,8, barriz, atzerritik. Azken datu horri jagokonez, % 76,1 bisitari europarrak izan dira, eta % 17,5 Amerikatik etorriak.
Museoaren webguneak 432.193 erabiltzaile izan ditu (398.624 erabiltzaile 2018an). Bestalde, maiatzean, museoak profila edegi eban Instagram sare sozialean, Facebook, Twitter eta YouTuben dituan profilakaz bat egiteko. Dagoeneko 99.000 baino gehiago dira guztira museoko sare sozialen jarraitzaileak.
Bestalde, 31.650 lagunek jaso dabe hezkuntza-programen onurea, bai museoan bertan egindako jardueretan, bai Bizkaian egindako Artearen ibilbidea eta Ukitzeko artea programa ibiltarietan be. Gainera, ondokoak izan dira museotik kanpo izandako erakusketa batzuk: Zubiaurretarrak. Memoria grafikoa, Garaiko San Juan eleizan (Bizkaia), eta Vicente Ameztoy erakusketa antologikoa, Madrilgo Arte Ederren Zirkulurako museoak osorik produzidutakoa.
Museoaren Lagunak da beste adierazle oso positibo bat: 555 alta barri izan ditu, hau da % 14ko igoerea izan da, eta, horrenbestez, gaur egun, 4.018 lagun baino gehiago ditu.
2019an, artelanen dohaintzak jaso ditu museoak, miloe bi eurotik gorako baliokoak. Aitagarria da Fundación Vizcaína Aguirre Fundazinoaren esku-hartzea; Fundazino hori museoaren Patronatuan sartu da, Juan Muñozen Hanging figures lana dohaintzan emonda. Eraikin zaharraren sarreran dago obrea, eta, mezenasgo hori aintzat hartuta, orain, Pedro de Icaza y Aguirre hall dau izena leku horrek.
Bestalde, erosketen atalean, honako honeek nabarmentzen dira: Adolfo Guiarden Bakioko baserritarra pinturea, Paul Gauguinek grabautako Mallarméren erretratua, Nicolás de Lekuonaren fotomuntaketa bi eta 16 argazki, eta EMAK programeak erositako lanen multzoa, museoaren bilduman emakume artisten ordezkaritzea areagotuz.
Aurtengo beste une gogoangarri batzuen artean, Glokala. Artea zaintzea gaur, hemen, orain eta Euskadiko Filmategiagaz sinatutako akordioaren jarraipena ditugu. Horri esker, bere programazinoaren egoitza egonkor bihurtu da museoa.
Museoak jorratutako jarduera-programa bizia gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa izan da museoaren patronoen lankidetza berezia (Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritzea, BBK –ohorezko patronoa–, BBVA Fundazinoa –patrono estrategikoa–, Metro Bilbao, DEIA, Iberdrola, EITB, El Correo, Banco Santander Fundazinoa, Gondra Barandiarán Fundazinoa, Petronor, Cadena SER eta Fundación Vizcaína Aguirre Fundazinoa), bai eta beste erakunde batzuena be.
Babesletzen diru-sarrerak % 8 igon dira.
Patronatuaren jarduerea 2019-2022 Plan Estrategikoko mobimentu biren aurrerapenagaz amaitu da aurten: Lehenik eta behin, 2023ra arteko Hitzarmen Kolektiboa sinatu da, museoaren antolamendua modernizetako programeari bultzadea emoteko; eta, bigarrenik, Museoa Handitzeko Nazinoarteko Lehiaketea irabazi dauen eta Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek osotutako arkitektoen taldeak handitze-proiektuaren aurrerapena aurkeztu dau. Kontuak kontu, museoa handitzeko egindako arkitektura-lehiaketako proiektu finalistakaz abuztua eta iraila bitartean egindako erakusketeak 24.402 bisitari izan zituan.
Azken buruan, albiste bikain bategaz agurtu dogu Unai Rementeria Bizkaiko Diputadu Nagusiaren urtea, hain zuzen, Zubieta jauregiko Goyaren hiru erretratuak 2027ra arte gordeteko barriagaz, Bizkaiko Foru Aldundiak akordioa egin dauelako jaubeakaz. Orain arte legez, lanak Museoaren alfabetoko W aretoan (war/guerra) egongo dira ikusgai, aurten bildumea aurkezteko formatu hori luzatuko baita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!