1.170.669 lagunek bisitau dabe Guggenheim Bilbao Museoa 2019an

Bizkaie! 2020-01-02 11:49   Kulturea

Museoaren historiako laugarren zifrarik onena da.

2019. urtea oso positiboa izan da Guggenheim Bilbao Museorako, publikoaren aldetik jasotako babesari esker. 1.170.669 bisitari hartu ditu, Museoaren historiako laugarren zifrarik onena, eta kopuru hori erakundeak lurraldearen bultzatzaile lez dauen gaitasunaren froga da, beste behin be.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparauta, orain arte legez, atzerritarrak izan dira ehuneko handi batean (guztirako kopuruaren % 69); gehienbat Frantziatik (% 17), Britainia Handitik (% 7), Alemaniatik (% 7), Ameriketako Estadu Batuetatik (% 7) eta Italiatik (%5) etorritakoak. Euskal Herritik etorritako bisitariak % 9 izan dira, eta Estaduko gainerako tokietatik etorritakoak, barriz, % 22; aurreko urteetan bezela, aitatzekoa da Kataluniatik eta Madrildik jasotako bisitarien kopurua (guztirako kopuruaren % 5 eta % 4, hurranez hurran).


Bisitarien banaketea jatorri geografikoaren arabera

2019an Museoak bisitarientzako izan dauen erakargarritasun nagusia urtean zehar izandako asmo handiko arte-programazino zabala izan da: Atzera begira. Giorgio Morandi eta antzinako maisuak erakusketea 702.010 bisitarik ikusi eben apiriletik urrira bitartean, Jenny Holzer. Zera deskribaezina 655.713 personak gozau eben martitik irailera, Lucio Fontana. Atarian 552.213 lagunek ikusi eben maiatzetik irailera bitartean eta Gerhard Richter: Itsas paisaia erakusketeak 445.105 bisitari izan zituan maiatza eta iraila hasiera artean. Azpimarratzekoa da joan dan urrian edegi eta 2020an jarraituko daben erakusketen erakarpen-indarra be: urte amaierara arte, 263.381 persona ekarri ditu Thomas Struth erakusketeak, 210.351 Soto. Laugarren dimensinoa erakusketeak, eta 186.884 Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroixetik Beckmannera erakusketeak; kopuru handiak epealdi horretarako.

Esparru digitalari jagokonez, guggenheim-bilbao.eus webguneak 2.333.206 bisitaldi eta bistaratutako 7.592.391 orrialde erregistrau zituan guztira 2019an; era berean, Museoak sare sozialetan dituan komunidadeak eta eraginak gora egiten jarraitzen dabe: 542.000 jarraitzaile Instagramen, 370.000 Twitterren eta 318.000 Facebooken; 1.230.000 lagun guztira.

Hezkuntza-programei jagokenez, 2019an 105.790 lagunek hartu dabe parte Museoak eskaintzen dituan aurrez aurreko zein online jardueretan; 917.987 persona izan dira arte-programazinoaren osogarri diran espazio didaktikoak erabili dituenak. Urteko barrikuntzen artean, nabarmentzekoak dira Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei Museoaren Bildumako maisulanak eta eraikinaren arkitekturea hurreratzeko martxan jarri diran Bisitaldi birtualak (Skype in the Classroom tresnaren bidez egiten dira), eta baita egonaldi artistikoen programa barria be; azken horren helburua hezkuntza-arloko jarduerak landukeran pentsamendu dibergentearen eta sorkuntza-prozesuaren balioa indartzea da. Beste datu azpimarragarri bat New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en EAEko ikasle eta artistentzako abian dan beka-programearen finkapena da; dagoeneko 30 lagunek eskuratu dabe.

Azkenik, lankidetza barriak eragiten jarraitzen dauen TopARTE programea nabarmendu behar da, publikoaren artean erantzun handia dauelako. Programa horren bitartez, Museoko espazioak zabaltzen jakez EAEko kultura-arloko eragile eta erakundeei, diziplina desbardinetako (musikea, zinemea, bideoa, jantzak, performancea, antzerkia eta gastronomia) programazino aberatsa eskaintzeko.


Komunidade zabala

Museoko banakako kideei jagokionez, 57.530 dira Museoak artearen eta kulturearen inguruan sortutako Community komunidadea osotzen dabenak. Kolektiboen arabera banatu ezkero, 20.197 dira Museoaren Lagunak, Museoa sortu zanetik izandako kopururik handiena; Museoak hurreko ingurunean gizarte-babes zabala erakusten dau datu horrek. Museoagaz hartu-emonetan egoteko dobako modalidadeari jagokozan Jarraitzaileak, ostera, 35.905 dira.

Guggenheim Bilbao Museoak 2019an izan dauen enpresa-partaidetzearen arloan, 125 izan dira Kide Korporatiboak. Erakundearen finantziabidearen funtsezko oinarri diran kideok be badira Communityren parte.


Eragin ekonomikoa

2019an, Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak inguruan izan dauen eragin ekonomikoa upealakoa izan da: Museoaren jarduereari esker EAEn sortutako eskaria 500,8 miloe eurokoa izan da guztira.

Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 438,5 miloe eurokoa izan da.

Kopuru horreei esker, Euskal Ogasun Publikoek 67,9 miloe euroko diru-sarrera gehigarria izan dabe.

Beste urte batez, Europako kultura-erakundeen artean buru izaten jarraitzen dau Museoak autofinantziazino-mailan. 2019an % 70ekoa izan da datu hori, gitxi gorabehera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu