Azken aukerea M.A. Laborategiaren crowdfunding kanpainan parte hartzeko

Bizkaie! 2019-12-30 12:16   Kulturea

Pantheon antzezlana martiaren 6 eta 7an estreinauko dabe Pasaian.

Pantheon Marga Altolaguirreren hirugarren produkzino propioa da, egungo gizartearen alderdi batzuk erretratau nahi dituana, galderak eraginez ikusentzuleen artean. Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa dau, eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Pasaiako Udalaren babesa.

Antzerki proposamen bat baino gehiago, Pantheon esperientzia ederra da ikusleentzat, konpainiak azpimarratu dauenez. Antzezlanaren ezaugarri nagusietako bat zuzeneko film baten antza izatea da. Horretarako, hainbat baliabide artistiko ditu, berbarako, zuzeneko soinu-bandeak lagunduko ditu tensino handiko momentuak, Iñaki Altolaguirre musikari eta konpositoreak sortutako soinu-bandearen bitartez.

Bestalde, bideo-proiekzinoa dauen eszenografia-diseinua dau obreak, eta zinemea irudikatzea da asmoa.

M.A. Laborategiaren eta Eusko Jaurlaritzearen produkzino barria, beraz, antzezlan hutsa baino gehiago da. Jantzak, ikus-entzunezkoak, zuzeneko musikea, objektuen manipulazinoa eta dramaturgia garaikidea integretan ditu eta asmoak dira istorio bat kontau eta publikoarengan esperientzia parebakoa sortzea.


Goteo plataforman kanpainea

M.A. Laborategiak crowdfunding kanpainea jarri dau martxan Goteo plataforman, produkzinoa finantziau eta obrea aurreikusitako egunetan estreinau ahal izateko.

Hainbat sari ezarri dira, laguntzaileek egin nahi daben ekarpen ekonomikoaren araberakoak. Ekarpenak 10 eta 4.000€ bitartekoak dira, azken horreek enpresei begira ezarri ditue.

Eskaintzen dauen ekarpen ekonomikoaren truke, parte-hartzaileek aukera esklusiboa izango dabe martiaren 6 eta 7an egingo dituen entsegu teknikoak ikusi ahal izateko eta ondoren zuzendaria eta aktore taldeagaz barriketaldia izateko.

Horrezaz gan, konpainiak hainbat produktu erregalauko deutsoz parte-hartzaile bakotxari, obrearen estreinaldirako sarreraz gan. Produktu horreek konpainiarako sortuko dira, eta obreagaz zerikusia daben artikuluak izango dira: kamisetak, posterrak, jerseak eta bestelakoak.

Aukeran, kolaboratzaile-aitamen bereziak bere egingo dira obrearen kartel ofizialean, beti be emoten dan kopuruaren arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak mezenasgoan lehentasunezkotzat jo dau proiektua eta horrek esan gura dau Pantheon-en alde egin eta kanpainan parte hartzen daben enpresek soziedadeen gaineko zergan jarten dabenaren % 18 desgrabau ahal izango dabela, eta persona fisikoen kasuan errenta autorpenean emoten dabenaren % 30, beti be abenduaren 31 baino lehen egiten badabe.

Beraz, aukera bikaina da kultura-proiektu batean parte hartzeko, baita bateren bati Gabonetako opari lez eskaintzeko be.


Marga Altolaguirre

Marga Altolaguirre zuzendaria da, aktorea, antzerkigilea eta produktorea. 1991ean abiatu eban antzerki ibilbidea, Ur konpainiaren antzerki tailerrean; han ibili zan adin nagusitasunera heldu arte. 2001 eta 2004 urteen artean Arte Dramatikoan lizentziau zan Kent-eko Unibersidadean, Canterburyn. Mundu zabalean egin izan ditu ikasketa espezializatuak aktoreen zuzendaritzan, zuzendaritza artistikoan eta produkzinoan.

Hatha Yoga eta Reiki irakasle formakuntzea be jaso izan du. 2018an Arteen Kontseiluan parte hartzen hasi zan, Gipuzkoako Foru Aldundian.

2008an zabaldu eban bere laborategia, gaur egun zuzentzen eta kudeatzen dauena. Hainbat antzezlanen egokitzapenak egin izan ditu, besteak beste, Molière-ren Tartufo, Concha Gomez-en Un bautizo a palos, eta Buchner-en Woyzeck; horrezaz gan, James Matthew Barrie-ren Peter Pan antzerkirako egokitu eban. Lan horreek oro eragin nabarmena izan dabe Gipuzkoako antzerki panoraman. Berak idatzitako antzezlanen artean aitagarriak dira Cleta’s Volta eta Hasta donde llegarías, biek ala biek irabazi dabe Donostiako Gazte Antzerkiaren Saria, muntaia onenari. Gaur egun, Pantheon lanean dabil, Gipuzkoako mezenasgorako lehentasunezko proiektuan.

Existentzialistea eta hiperrealistea, bere indarguneetako bat da filosofia garaikidea buztartzea literatur testuakaz eta gaur egungo gaiakaz. Lipovetsky eta Ostermeier-en jarraitzailea da, baita dualtasun ezaren idearena be; ikertzailetzat dauka bere burua, hain zuzen, ikertzen dabilena antzerkiak eta errealidadeak talka egiten daben eremua.


M.A. Laborategiaren lan barria

Zuzendaritza eta dramaturgia Marga Altolaguirrek zuzendu ditu, konpainiako eta izen bereko antzerki eskolako arduradunak. Artista gazteen plataformea da, eta ikus-entzunezko osogai argia daben proiektu eszenikoak eta musikalak sortzea dau helburu. Irudiaren optikearen bidez genero eszenikoak eguneratu nahi dira, errealidadea eraldatzeko eta fikzinoa sortzeko daben gaitasuna erabiliz, bien arteko mugak arakatuz.

Euskeraz eta gaztelaniaz antzeztuko da.


Pantheon

Marga Altolaguirrek idatzi eta zuzendu dau, eta telefono-dei bat jaso dauen emakume baten istorioa dakar. Dei horretan bere aita hil dala jakinarazoten deutsie, ume bat zanean abandonau eban gizon ha. Hori dala eta, protagonistea orain arte ezkutuan izan dauen zati bat osatzen eta erreskatetan saiatuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu