Akordioa, Gipuzkoako euskaltegietan ikastea doban izan daiten

Bizkaie! 2019-12-30 10:49   Euskerea berbagai

2019an B2ra arteko mailea dabenei matrikulearen % 100 bueltauko deutsie.

Markel Olano eta Bingen Zupiria (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok hitzarmena sinatu dabe, euskaltegietako ikasketak dobako egingo dituan dirulaguntzino barria matxan jarteko. HABEk zein udal-erakundeek euskera ikasleei emoten deutsien laguntzinoari, Foru Aldundiaren ekarpena batuko jako. Horri esker, 2019an B2ra arteko maila egiaztatu dabenei matrikulearen % 100 bueltauko deutsie.

Luzaroan egindako eskari bati erantzungo deutsie, beraz, akordio barriari esker, hau da, euskaltegietan ikastea doban izateko aldarrikapenari. Momentuz, Gipuzkoan jarri da indarrean dirulaguntzinoen sistema barria, hitzarmena hango Foru Aldundiagaz egin dabe eta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emongo dauen laguntzino osogarri barria HABEren bitartez banatuko da, ganerako laguntzinoen moduan. Era horretara, ikasleek eskaera bakarra egin beharko dabe matrikulearen dirua bueltan jasoteko. Foru Aldundiak 42.000 euro erabiliko ditu aurten.

Markel Olanoren arabera, erakunde publikoek, eragile politikoek eta helduen euskalduntze-alfabetatze esparruko eragileek aho batez onartzen dabe pausu garrantzitsua dala B2 maila bitarteko ibilbidea guztiz dobakoa izatea. Gipuzkoa determinazino osoz aurrerapausoak egiten dabil hizkuntza bardintasuna gauzatzeko bidean eta, horretarako, ezinbestekoa da herritar guztiei euskerea ikasteko aukerea eskaintzea.

Bestetik, hitzarmena herri mailako apustu konpartidutzat jo dau Bingen Zupiriak: Eusko Jaurlaritzeak konpromisoa hartu eban 2020rako dobakoa izango zala euskerea ikastea B2 mailara arte. Leku batzuetan bete da, eta ganerakoetan 2020an beteko da. Uste dogu mugarri historikoa dala, eta balio beharko leuke euskerea indartzen jarraitzeko, ezagutzea dalako lehenengo baldintzea hizkuntzea sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu