Donostiako 'Haizearen Orrazia', kultur ondare
2019-12-27 08:45 KultureaMoltso eskultorikoa hobeto babesteko eta dauen balioa autortzeko pausua da.
Eduardo Chillida eskultoreak diseinau eban Haizearen Orrazia moltso eskultorikoa, eta Luis Peña Ganchegui arkitektoaren plazeagaz batera, Donostiako paraje enblematikoenetako bat da gaur egun. Eusko Jaurlaritzeak kultur ondare izentau dau, moltso monumentalen kategorian, Bingen Zupiria Kultura sailburuak Gobernu Kontseiluaren batzarraren ostean jakitera emon dauenez.
Haizearen Orrazia babesteko eta errekonozimendu publikoa emoteko erabagi dau Jaurlaritzeak izendapena onartzea. Ganera, epe luzeko beste helburu bat be badauka: Kultur ondare izentauta egotea ezinbesteko pausua da, Unescok Gizateriaren Ondare izateko kontuan hartu deian. Hortaz, pentsetakoa da erakunde publikoen asmoen artean dagoala Unescon hautagaitzea aurkeztea.
Chillidaren eta Peña Gancheguiren lanak ezaugarri berezi batzuk dituala adierazo dau Zupiriak, herri honetan bakarrak diranak. Donostiako sinbolo ez eze, Euskal Autonomia Erkidegoko ikur kultural bihurtu dala ganeratu dau.
Gaur egun, donostiarren txoko kutuna eta bisitarien ezinbesteko geralekua da Haizearen Orrazia, baina alderdi artistikotik dauen balioa da garrantzitsuena. Chillida Leku Museoak izendapenaren harira plazaratu dauen oharrean gogoratu dauenez, Eduardo Chillidak bere obretan landu zituan interesguneak buztartzen dira obra bakar horretan.
1977an, moltso eskultorikoa bere lekuan jarteko beharrezkoa izan zan logistikea be aitatu dabe museokoek. 13na tonako altzairuzko hiru pieza badiako hatxetan eta amildegi baten ertzean ipintea ez zan erraza izan, eskultura bakotxaren pisua, tamainua eta forma helikoidala kontuan hartuta. Ganera, piezak eurak egiteko laba berezia diseinau behar izan eben. Moltsoa Luis Peña Gancheguiren granito larrosazko plazeak osotzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!