Euskerea eremu sozioekonomikoan bultzatzeko plana aurkeztu dabe
2019-12-26 13:42 Euskerea berbagai2023rako hamar helmuga ezarri ditu Jaurlaritzeak.
Eusko Jaurlaritzearen Gobernu Kontseiluaren ostean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskerea Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023 aurkeztu dau, lan munduan euskerea bultzatzeko asmoz sortua. Eremu sozioekonomikorako beren-beregi, lehenengoz onartu dau plan bat Jaurlaritzeak.
Jaurlaritzearen barruko zein kanpoko eragileakaz egindako gogoetak dira plangintzearen abiapuntua, eta era guztietako estrategiak batuko ditu: Euskerearen ezagutzea lan-munduan indartzea, langileen erabilerea bultzatzea, kontsumitzaileen eskubideak hobeto betetea eta entidadeen eta kontsumitzaileen aktibazinoa sustatzea. Lan munduan, arlo pribadu zein publikoari eragingo deutse planak.
2023a izango da planaren azken urtea, eta, ordurako, hamar helburu edo helmuga ezarri ditu Jaurlaritzeak. Zupiria sailburuak azaldu dauenez, helburu neurgarriak izango dira, epea amaitzen danean bete diran ala ez zehaztasunez jakin ahal izateko. Klase bitako helburuak dirala dino Zupiriak. Lehenik eta behin, azken helmugak dagoz: Ezagutzea, erabilerea, hizkuntza-eskubideak eta enpresa eta bezeroen aktibazinoa.
Bestetik, lau helburu horreetara heltzeko ezinbestekoak diran helmuga estrategikoak dagoz: Hizkuntza paisajea eta ingurune digitala; zerbitzu hizkuntzea; gaitasuna; gizartearen aktibazinoa; lan hizkuntzea; eta akordioak. Helmuga bakotxaren barruan, jarduteko esparru zehatzak identifikau ditue, eta egindako aurrerapenak neurtzeko aldagaiak topau.
Ganera, euskerea lan munduan txertatzeko estrategikoak diran eskualdeak identifiketan ditu planak, hainbat moltsotan banatuta. Lehenengo moltsoan, esaterako, EAEko uriburuen gune metropolitarrak eta Behe Bidasoa dagoz. Bigarren moltsoan, Durangaldea, Goierri, Tolosaldea, Debagoiena eta Debabarrena dagoz.
Bingen Zupiria sailburuak adierazo dauenez, euskereak hainbat esparru irabazi ditu azken hamarkadetan, baina beste batzuetan oraindino pausoak behar dira. Lan-mundua horreetako bat da: bidea luzea daukagu egiteko arlo horretan eta, era berean, arlo estrategikoa da. Lan-mundura heltzen hasi diran belaunaldi barriek inoz baino gaitasun handiagoa dabe zereginak euskeraz egiteko. Baina bidea erraztu behar jake, eta lehen aldiz plan zehatz bat daukagu horretarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!