Bilboko metroaren 25. urteurrena, musikaz blai

Bizkaie! 2019-12-26 11:42   Musikea

Zezeilaren 11tik 14ra, kontzertuak egongo dira hainbat geltokitan.

Mende laurena beteko dau Metro Bilbaok 2020an, 25 urte Bilbo eta inguruko udalerrietako mobikortasunaren ardatz. Hori dala eta, ospakizun ugari antolatuko ditue datorren urtean, eta egitarau potolo horretako hitzorduetako bat izango da Metro Music Fest. Zezeilaren 11tik 14ra, metroko hainbat geltoki musikaz alaituko ditu jaialdiak. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz atondu ditu Metro Bilbaok kontzertuok.

Hiru talde konbidauko ditue Metro Music Festera: Lucky Chops, Crazy Jazzers eta Broken Brother's Brass Band. Kaleko bandak eta jazza ardatz, era guztietako publikoak erakarteko asmoz, askotariko estiloak sartu ditue egitarauan.

- Zezeilak 11 eta 12, Lucky Chops: Energia handiko funkaren buru izan da mundu guztian 2006an New Yorken sortu zanetik. Musikeak sendatzeko eta inspiretako dauen potereak mobiduten dau taldea, indar hori jenteagaz partekatzeko gogoak. Hogeita bost herrialde baino gehiagotan zuzeneko ikuskizunak eskaini ditue, eta miloeka bisita ditue interneteko kanaletan. New Yorkeko metroan jo izan dabe, beraz, Bilboko kontzertuaren antzekoetan egonda dagoz.

- Zezeilak 13, Crazy Jazzers: Bilboko talde honek 1920ko hamarkadako jazzean oinarritutako musikea egiten dau, New Orleanseko kaleko banden eredua hartuta. Doinu dibertigarri, alai eta askotarikoak joten ditue, publikoak jazzaren aldaera guztiak ezagutu deiazan, kalean zein oholtzan.

- Zezeilak 14, Broken Brother's Brass Band: Inguruko jaialdi eta topaketa ugaritan ibilitako taldea dogu hau, Getxoko zein Donostiako jazzaldietan, Zornotzako Haizetara jaialdian... Blues, gospel eta jazz doinuak oinarri, brass band dalakoen moltsoan sartzen da Iruñeko hau; kaleak doinu bizi eta alaiz betetea dabe helburu.

Metro Music Festeko antolatzaileek azaldu dabenez, aurrerago jakin eragingo dabe ze geltokitan izango diran kontzertuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu