Zubietako Goyak, zazpi urtez Arte Eder Museoan
2019-12-23 12:56 KultureaAdán de Yarza familiaren hiru artelanak gordeko ditue bertan.
Apirilean aurkeztu zituan Bilboko Arte Eder Museoak Francisco de Goyak XVIII. mendean egindako hiru erretratu, Adán de Yarza familia bizkaitarrarenak, baina luzaroan ezkutauta egondakoak. Ikusgai dagoz museoan bertan, familiak lagata, eta beste zazpi urtez geratuko dira Bilbon, jaubeakaz egindako akordioari esker.
1780-90 inguruan Goyak Adán de Yarza familia poteretsuko hiru kideri egindako beste horrenbeste erretratu dira. Sendiak Ispasterren daukan Zubieta jauregian egon ziran koadroak, harik eta 1936ko gerreagaitik, Jaurlaritzak erbestera eroan zituan arte. Ezkutuan hainbat urtean egon eta gero, barriro publikoaren aurrera atera zituan Arte Eder Museoak, udabarrian hasitako erakusketan, eta hiru obren azterlan sakona be egin eben adituek.
Adán de Yarza familiaren ondorengoek, hau da, gaur egungo jaubeek, koadroek Bizkaiari lotuta segidu deiela nahi dabe. Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunakaz hitzarmena egin dabe, zazpi urtez Arte Eder Museoko gordailuaren parte izan daitezan. Usufruktuan erabili ahal izango ditu museoak.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusi eta Arte Eder Museoaren Patronatuko presidentea pozik agertu da akordioagaz: Bizkaiko arte-ondare ikaragarri hau berreskuratuta eta aztertuta, Zubietako hiru Goyak gure museoan 2027ra arte ikusgai egongo dirala esan daiteke. Jaubeen eskuzabaltasuna eskertu dau Rementeriak, modu bikainean emoten deutso amaierea museoarentzat erabagigarria izan dan urte bati, ikusi ahal izan dogu erakundeen eta herritarren arteko lotureak emoitzarik onenak emoten dituala.
Hiru erretratuak erbestealdiaren anonimotasunetik atera eta berehala, museoak ikerketa sakona agindu eban, Zubietako Goyen nondik norako guztiak ezagutu eta gizarteratzeko. Adituen ondorioa zera izan da: Mihiseek Adán de Yarza familiaren hiru kide erakusten ditue, Bernarda Tavira, María Ramona de Barbachano eta Antonio Adán de Yarza. Ziurrenik, Goyak Madrilen marraztu zituan 1790. urtearen bueltan, erregearen ganbera-margolaria zanean. Margolariaren erretratugile-jarduera handiaren adierazgarri gorena dira hiru koadrook.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!