Antonio Truebaren 200. urteurrena gogoratuko dabe 2020an

Bizkaie! 2019-12-23 11:27   Kulturea

Pentsalari bizkaitarraren erakusketa handia antolatuko dau Enkarterrietako Museoak.

Antonio Truebaren argazkia (A. Guiard, 1874). Bizkaiko Batzar Nagusiek erosia | Ikusi handiago | Argazki originala

Galdamesko Montellano auzoan jaio zan Antonio Trueba pentsalari eta idazlea, 1819ko abenduaren 24an. Beraz, haren jaiotzearen bigarren mendeurrenean omenaldia egingo deutsie Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak. Modu horretan, Truebaren ondarea berreskuratu, haren ekarpena gizarteratu eta Enkarterrietako seme ospetsuari gorazarre egingo deutsie.

Batzar Nagusiek aurreratu dabenez, omenaldiaren ardatza erakusketa handi bat izango da, 2020ko lehenengo hiruhilekoan, Enkarterrietako Museoan. Truebaren sasoiko gizartea, idazlearen ondarea eta beste objektu ugari erakutsiko ditue.

Erakusketea atontzen hainbat aditu dabiz: Joseba Agirreazkuenaga, EHUko Historia Garaikideko katedraduna; Montserrat Amores, Bartzelonako Unibersidade Autonomoko irakaslea; Jesús Arrate, XIX. mendeko gerren ikertzailea; Goio Bañales, Enkarterrietan aditua; eta Javier Barrio Marro, Enkarterrietako Museoaren zuzendari teknikoa. Lantalde horrek Truebaren lana aztertu dau, politikagintzan zein literaturan, eta bere eskualdeagaz izan eban hartu-emon estua be bai. Ganera, Gerra Karlistek haregan izan eben eragina jorratu dabe.

Ikerlan hori amaitzear dago, eta behin betiko emoitzea Enkarterrietako Museoan jarriko dan erakusketan ikusi ahal izango da. Liburu bat be argitaratuko dabe.

Alderdi materialari be arretea jarriko deutsie Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakusketa ahalik eta osoena antolatzeko. Truebaren artxiboa non dagoan edo oraindino egon badagoan, ez dakigu, eta, hortaz, Galdamesko pentsalari eta idazlearen agiriak balio handikoak dira. Era horretako hiru erosi barri ditue Batzar Nagusiek, erakusketea horniduteaz gan, Truebaren ondarea bizkaitarren esku jarteko.

Truebak Fernando Pedrosari 1873an idatzitako gutuna da erositako agirietako bat. Beste biak argazkiak dira. Lehenengoa, 1874an Adolfo Guiard argazkilariak egindakoa; bigarrena, 1920koa (Trueba hil eta gero), neska-mutil batzuk agiri dira Bilboko Albia lorategietan Truebari egindako monumentuaren alboan.

Antonio de Trueba y de la Quintana (Galdames, 1819 - Bilbo, 1889), XIX. mendeko Bizkaiko pentsalari eta intelektual handienetako bat izan zan. Foruzalea eta euskal balioen defendatzailea izan zan, baina aurrerapenaren eta industriaren alde be egin eban. Gazterik joan zan Madrilera, eta Bilbora bueltau zan 1862an, Batzar Nagusiek Jaurerriko Kronista eta Artxibozain izentau ebenean.

Politikagintzearen eta bere sasoiko egoera sozialaren inguruko pentsalari eta kronistea izan zan, batez be Gerra Karlistetan. Kazetari, ikerlari eta idazle izan zan. Poesia, ipuinak, nobelak eta lan etnografikoak idatzi zituan, besteak beste. Hil eta gero, monumentu bi egin eutsiezen: Bata, Bilbon; bestea, Montellano jaioterrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu