Arte Eder Museoaren maketea ikusgai egunotan

Bizkaie! 2019-12-23 09:41   Kulturea

Eraikina handitzeko proiektuaren nondik norakoak ezagutu leikiez bisitariek.

Proposamen berezia dakar Bilboko Arte Eder Museoak Gabon sasoian. Jakina danez, Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek museoaren eraikina handitzeko proiektua aurkeztu dabe oraintsu, eta egitasmo horren maketa handia ipini dabe museoan bertan. Urtarrilaren 5era arte ikusi ahal izango da. Era horretara, bisitariek zehatzago ezagutuko dabe museoaren eraldaketea zelakoa izango dan.

Ganera, maketea Chillida hall-ean ipini dabe, hau da, museoan sartzeko atarian. Horri esker, maketea ikusi nahi dabenek sarrerea pagau barik egin ahal izango dabe. Proiektua bilbotar guztiei erakusteko asmoz hartutako neurria da hori.

Maketea bera, eskala nahiko handiko egiturea da. Erdigunean agiri da museoa, erreformearen ostean izango dauen itxureagaz, eta inguruko kaleak eta parkeak be badagoz. Izan be, museoa handitzeko proiektuak inguruko paisajea be aldatuko dau, museoa eta uria alkarregandik hurrago egon daitezan. Maketearen osogarri, Foster eta Uriarteren egitasmoaren irudi eta plano batzuk ipini ditue Chillida hall-ean bertan.

Bide batez, Arte Eder Museoak iragarri dau, abenduaren 24an eta 31n zabalik egongo dirala erakusketa guztiak. Normalean, martitzenetan zarratu egiten dabe museoa, baina fetxa bereziak diranez, salbuespena egingo dabe. Hori bai, goizeko 10:00etatik 14:00etara baino ez dabe edegiko. Abenduaren 25ean, eta urtarrilaren 1ean eta 6an, ostera, zarratuta egongo da, jaiegunak diran ezkero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu