Arte Eder Museoa inguruagaz lotuko dau Norman Fosterrek
2019-12-16 13:34 KultureaHanditze proiektuaren nondik norakoak aurkeztu ditu arkitekto britainiarrak.
Gauza jakina izan da Norman Foster britainiarrak eta Luis Mari Uriarte euskaldunak osotutako taldeak handituko dauela Bilboko Arte Eder Museoaren eraikina, lehiaketea euren egitasmoak irabazi ebalako. Baina orain arte, proiektuaren zertzelada nagusiak baino ez dira jakin. Gaur Bilbon izan da Norman Foster, eta asmo zein diseinu zehatzagoak aurkeztu ditu jentaurrean.
Foster eta Uriarte arkitektoak ez eze, Bizkaiko kulturako eta gizarteko jente ezaguna egon da ekitaldian. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Museoaren Patronatuko presidentea izan da buru. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Miguel Zugaza museoko zuzendaria be egon dira.
Norman Foster proiektu honen buruan ikustea ohorea dala aitatu dau Rementeriak, eta kanpoko eta bertoko talentuaren arteko alkarlana txalotu, Foster eta Uriarte gogoan. Herri txikia gara, baina asmo handiak doguz, ganeratu dau.
Ondoren, Norman Fosterrek azalpen nagusiak emon ditu. Lehiaketara aurkeztutako proiektuaren bereizgarrietako bat zan museoaren sarrera nagusia barriro ipiniko ebela antxinako lekuan, eta ez eraikin barrian. Horren zergaitia, lehengo sarrera dotoreari barriro funtzionaltasuna emoteaz gan, Euskadi Plazea museoagaz lotzea izango da.
Trafikoa plazearen albo batetik bideratuko dabe, eta, ondorioz, ganerako espazio guztia oinezkoentzako gune berde bihurtuko da, plazan hasi eta museoaren ateraino. Izan be, Fosterren oinarrizko asmoetako bat da museoa uritik hurrago egon daitela. Euskadi Plazan ez eze, perimetro osoan ahalegindu dira diseinua inguruagaz lotzen.
Ingurumena be kontuan hartu dabe Fosterrek eta Uriartek diseinu barrian. Energia eraginkortasun handiko handitzea izango da, argi naturala aprobetxetako pentsautakoa. Teilatuko instalazinoen bidez, museoak behar dauen energiaren herena sortuko dabe bide garbiak erabiliz. Euskadi Plazeagaz eta Kasilda Iturriza parkeagaz espazio bakarra osotuko dauenez, arbolen eta berdeguneen artean geratuko da eraikina.
Beste bereizgarri nabarmen bat, oraingo egiturearen ganean jarriko diran solairu barriak dira, museoari txapela jartearen pare. Hor aldaketa handi bat egin dabe, lehiaketea aurkeztu zanetik hona: Hasieran solairu bakarra zana, solairu bikotx bihurtuko dabe, espazio gehiago hartu barik. Holan, erakusketetarako 2.000 metro koadro barriei, bulego eta didaktikarako beste 2.000 metro koadro gehituko jakez, tarteko solairuan.
Fosterrek ziurtatu dauenez, bulegoek orain baino argi natural gehiago izango dabe hara gora igonda, eta, ganera, oraingo bulegoetan erakusketetarako espazioa libre geratuko da. Horrezaz gan, goiko solairu barria zabal-zabala eta moldagarria izango da, era guztietako erakusketak hartzeko.
Ezer bota barik
Espazio barriak hasieran uste baino gehiago handituko dau Arte Eder Museoa, batez be goiko partean. Horri esker, museoko obra batzuk beste leku batzuetara eroateko egitasmoa bertan behera geratu da, Miguel Zugazaren arabera. Eraikinari gehitu beharreko txapela handia dan arren, Norman Fosterrek dino uriagaz bat egingo dauela eta ikusteko atsegina izango dala. Kolore argietan eregiko dabe, Bilboko arkitektureagaz bat datorrelakoan. Argi natural asko sartzen itxiko dau egitureak.
Ganera, eraldaketea egiteko, ez dabe gaur egungo eraikinaren zatirik botako. Fosterren arabera, guztiz beharrezkoa ez bada, nahiago izaten dau lehendik dagoanaren ganean eregi: Lehengo eraikinak antxinako inbersinoen erakusgarri dira, guk geruza barriak gehitzen deutseguz, aurrekoari be bere lekua itxita.
Horren adibidea da gaur egungo sarrerearen alboko aire zabaleko urmaelerako dagozan asmoak. Estali egingo dabe eremu hori, sabai barria eregita, baina orain dagozan elementuak errespetauko ditue. Hau da, Francisco Durrioren Arriagari omenaldia eskulturea izango da espazio horren ardatza, oraingo moduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!