Andres Urrutia: 'Azkue euskal kulturearen erraldoia da'

Bizkaie! 2019-12-23 08:16   Euskerea berbagai

Omenaldia egin deutsie Lekeition Euskaltzaindiaren lehenengo buruari.

Koldo Goitia eta, atzez, Andres Urrutia, lora eskaintzan (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala mende bat sortu ebenean, hasiera gorabeheratsua eta lehenengo hamarkada gatxak izan zituan Euskaltzaindiak, gerrak eta diktadurak eta guzti. Akademiaren egunerokoari eutsi eta proiektua hurrengo belaunaldiei pasetako orduan, ezinbestekoa izan zan Resurrección Maria Azkue abade lekeitiarraren ahalegina, eta, horregaitik, gorazarre egin deutsie Euskaltzaindiak, Lekeitioko Udalak, agintariek eta herritarrek.

Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan izan dira ekitaldi nagusiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Koldo Goitia alkateak, Benito Ansola abadeak eta Itxaro Mentxaka mezzosopranoak hartu dabe parte, hainbat erakundetako ordezkariakaz batera: Jaurlaritzearen izenean Bingen Zupiria sailburua, Bizkaiko Foru Aldunditik Lorea Bilbao, Batzar Nagusietatik Ana Otadui...

Lora eskaintzea egin dabe eleizan bertan, Azkueren hilobia dagoan lekuan. Andres Urrutiak, Euskaltzaindiaren izenean, Azkueren ekarpena txalotu dau: Argi esango dot, Azkue euskal kulturearen erraldoia da, euskal kulturarako zin-zinezko tsunamia, egungo berbak erabilita.

Lekeitioko beste euskaltzain batzuk be gogoan hartu ditu Urrutiak, herriak euskerearentzat dauen garrantzia azpimarratzeko: Gomutan dodaz, askoren artean, Aita Kandido Basabe eta Amantzi Urriolabeitia gerra aurrekoen artean, eta harrezkeroko Eusebio Erkiaga euskaltzain osoa eta Miren Agur Meabe eta Xabier Erdozia euskaltzain urgazleak. Horreek izan ziran eta badira egun be Azkuek hasitako euskaltzainen katearen katebegi preziatuak.

Resurrección María Azkue (1864-1951), Lekeition jaioa eta luzaroan Bilbon beharrean ibilitakoa, XIX. mendearen azken zatiko eta XX.aren lehenengo erdiko eragile garrantzitsuenetako bat izan zan euskalgintzan eta euskal kulturan. Hizkuntza jasoa bultzatzeko asmoz, makina bat alorretan ibili zan: Operak idatzi zituan, egunkariak sortu, euskerazko klaseak antolatu...

Horrezaz gan, kultura herrikoia batzeko ahalegin ikaragarria egin eban, eta hari esker daukaguz balio handiko hiztegi zein kontakizun bilduma ugari. Horretaz aparte, musikea be bazan Azkueren pasinoa. Bilbon abadea zanez, urian egindako kontaktuak eta eguneroko zereginek itxitako denpora librea aprobetxau zituan euskeran, kulturan zein musikan eukazan interesak lantzeko.

Euskaltzaindian egindako lanari jagokonez, lehenengo euskaltzainburua izateaz gan, karguan 30 urte baino gehiago egin zituala nabarmendu behar da. Proiektua hutsetik hartu eta ondo finkatuta itxi eutsen ondorengoei, gerrak eta diktadurak tokau bajakozan be. 1940ko gerraoste ilunean, ia berak bakarrik eutsi eutsan bizirik Akademiaren garreari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu