Fredi Paia: 'Tomasen bizimodua zinematografikoa da'
2019-12-27 13:45 BarriketanIdazlea, etnografoa.
Fredi Paia Ruiz (Algorta, 1981) bertsolari, etnografo eta musikaria. Enpresen Zuzendaritza eta Administrazinoan doktoregaia.
Euskal kultura herrikoiaren ikerkuntzearen esparruan lau liburu eta hiru dokumental argitaratu ditu; liburuak: Aupa Maurizia! (2008), Maruri-Jatabe. Bizimodua eta Ohiturak (2010), Busturia. Bizimodua eta Ohiturak (2011) eta Uribe Kostako Bertsolaritza (2013). Dokumentalak: Getxo Akordaten Naz I eta II (2007, 2011) eta Akabuko Martxea-Dominica (2016).
Aurten, Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak Soinuaren Liburutegiko 15. alea Tomas Arrizabalaga Zitze soinujoleari eskaini deutso: Zitze Isukitze hauspogoran. Fredi Paiak sortu dau liburu-diskoa. CDan Zitzeren hainbat audio erantsi ditu egileak.
Bizimodu petrala Zitzerena, umezurtz 11 urtegaz, itsasmutil soinulari 14gaz, gudari 36an, heriotza zigorra jasotakoa gerraostean, munduko asto-lasterketan txapeldun Platerogaz... Beti soinu txikia besoetan, hauspogoran eta itsasbeheran.
1.- Tomas Arrizabalaga Zitzeren bizimodua sano gorabeheratsua eta esperimentu sozial bereziko parte be izan zan...
Liburuan kontetan dot Plentziara zelan heldu zan Zitze. Esperimentu soziala egin eben Nicolas Olagibel ontzigin-enpresaburu batek Isukitze Gorri basoa erosi eta bertan hutsetik herri bat edo bizitoki bat sortu ebalako. Getaria, Oriotik eta Aiatik jentea ekarri eta holan subertau zan dana. Zitzeren aitite eta bere anaia bi holan heldu ziran Plentziara. Euskal kulturea bete betean bizi izan zan gune erdaldundun horretan, Ahobizi lako bat sortu zan, euskerea, jantzak, bertsoak eta bestelakoak buztartuz.
Tomasi XX. mendean bizitea tokau jakon eta esan dozun legez, bizimodu gogorra izan eban, 11 urtegaz umezurtz geratu zalako eta urte batzuk aurrerago, 14 urtegaz itsasora joan zalako arrantzale. Gerran be ibili zan gudari, preso egon zan eta heriotza zigorra ezarri eutsien.
Horrezaz gan, edozertan zan trebea eta osagiletzat be hartzen eben, zantiratuak eta egiten zituan, erritu-formulak, bedarrak eta erabilten zituan eta oso maitatua zan eskualdean.
2.- Bizimodu petrala, umezurtz 11 urtegaz eta arrantzale 14gaz. Baina noiz hasi zan Zitze trikitixea joten?
Esan deutsudan lez, Isukitze Gorri basoan euskal kulturea zan nagusi, Zitzeren arreba danak ekien jantzan eta panderoa joten, Zitzeren anaia Juanek trikitixa bat ekarri eutson eta 1920-21. urtean, 12-13 urtegaz musika talde bat sortu eben lau neba-arreben artean, Butroen eta inguruetan joten eben. Sasoi haretan panderoa joten eban Zitzek. Amaren neba batek be soinua joten eban eta, beraz, inguruan eukan Zitzek euskal giro musikala. Kontuan hartu aitak pare bat urterako edo dirua emon eutsala eta zapi baten barruan ipini eutsozan txorizo bat, ogia eta sagar bi. Horrek batu eta makiltxu bategaz joan zan itsasora. Kontua da ze tren bi hartu behar izan zituala barkura heltzeko baina bidean feria be atrapu eban eta hor trikitixa bat ikusi eban salgai 15 pezetan, aitak emon eutson dirua, hain zuzen. Buelta lar barik, soinua erosi eta bigarren trenean sartu eta jakin ez ekian arren joten hasi eta ailegau ziranerako aitak emondako dirua baino gehiago batu eban.
3.- Heriotza zigorra be ezarri eutsien. Zergaitik?
Euskal kulturearen kontrako giroa egoan eta gerraostean trikitixea abertzaleen ikur zanez, galarazota egoan jotea. Giro horretan, soinua etxe inguruetan eta jo behar izaten eben. 50eko hamarkadan, barriz, badakigu Zitzek ahalegin batzuk egin zituala plazatan joteko eta horregaz lotuta Mungian atxilotu, 125 pezetako isuna jarri eta preso eroan eben. Aurrerago heriotza zigorra ezarri etusien gudari izateagaitik; Artxandako burrukea galduta Bilbo frankisten esku geratu zan eta Zitze armauta atrapau eben. Normalean gudariek uniformea kendu eta armak botaten zituen baina Zitze kazeru handia zan eta pentsau eban fusila ezin ebala bazterrean itxi. Zaragozan urte bi egin zituan giltzapean baina Zitzeren emazte Felisak erruki eske jo eban herriko falangistakana eta azkenean, heriotza zigorra kentzea lortu eban.
4.- Zitze ezizena nondik nora dator?
Gure eskualdean jungudia esaten jako, junkera, Tomas Junkera izatez eta ondo ezagutzen dogu Kepa Junkera munduko trikitilari onenetakoa. Tomasen etxea Errekalde zan baina goratxuago, Butroerantz eginda beste etxe bat dago eta nahasteak egoten ziran antza kartak hartzeko eta. Orduan hasi ziran Tomasen etxeari Zitze esaten; inguru osoari esaten jakon zitza. Junkera, Jungera izeneko etxean be badagoz inguruan, jungiru aurrekoa, hau da, landarediagaz lotutako izenak ugari ziran paraje horretan. XIX. mendeko agirietan ikusten da amaren abizena izaten zala etxearen izena, hau da, Otxandategi bazan ama eta Olagorta aita, amaren abizena erabilten zan etxeari izena ipinteko.
5.- Askok ez dabe jakingo munduko asto-lasterketatan txapeldun izan zala Zitze Platerogaz. Zelan sartu zan saltsa horretan?
Saltserua zan Tomas eta hau liburu hau idazten hasi nintzanean, esan baleuste nobela fantastikoa idazteko ez nintzan ailegauko Tomasen belaunetara be [Barreka]. Tomasen bizimodua zinematografikoa da eta asto-lasterketen harian, kontua da ze inguruko baserrian zazpikia jaio zala eta amak gatxeretxi egin ebala. Asto horregaz zer egingo eta antza mutil koadrila batek esan eban erosi eta jan egingo ebela. Tomasen alaba batek, ostera, inondik inora ez ebela holakorik egingo esan eban. Berak erosi eta edukauko ebala emon eban berbea, biberoia emoten eutson, ze etxeko beste bat zan. Halako baten auzoko Patxo asto-lasterketetan Anquetil astoagaz ibilten zana hurreratu eta ia Platero eroaterik izango ete eban itaundu eutson Tomasi; laster joan ziran eta lehenego saioan bigarren sailkatu zan Platero. Hortik aurrera irabazten hasi eta 70eko hamarkada horretan, mobimendu handia egoan, 50 bat asto inguru seguru eta ziklismoagaz zeozelan buztartu guran, mendiko etapea, erlojupekoa eta holako saioak egiten zituen. Kontua da ze munduko txapelketea be baegoala, sasoi haretan Laudion jokatu eta Platerok irabazi eban. Tomas eta Platero oso ospetsuak ziran eta badakigu Platerori ardaoa gustetan jakola eta behin Gatikara pentzu bila joaten zanean bueltan tabernan sartu eta Platerok baltza eta Tomasek zuria hartzen zituela.
6.- Liburua-diskoa plazaratu dozue. Soinu-artxiboetan zer topauko dogu?
Etnografia ardatz hartuta, Zitzeren bizimodua, pasadizoak eta holakoak, testuinguru kulturala eta soziala jorratu dodaz liburuan. Diskoan, ostera, abesti batzuk sartu dodaz Zitzeren estiloaren erakusgarri.
7.- Ze ezbardintasun dago orduko eta gaurko tritixearen artean?
Gaur egun dana dago bateratuta baina orduko sasoietan bizimodu gogorra izan eben askok eta horrek eragina izan eban kulturan, euskeran, bertsolaritzan eta trikitixearen arloan be. Hizkuntzea, bertsolaritzea, koplak eta kulturea estandarizazino prozesuan sartu ziran; soinuaren arloan, kantuak berebiziko inportantzia eban Bizkaian, astiroko eta arinekoa esaten eben, kantuari segiduteko modua ete dan, nork jakin. Txapelketak eta hasi ziranean, ekialdeko eredua ezagutu genduan kopla edo kantu bako fandangoak eta arin-arinak, hain zuzen be. Guretzako harrigarria zan, jota bat kantau barik arraro egiten jakun. Baina txapelketetan araua zan eredu hori eta Zitzek eta itxi egin eutsien txapelketetan parte hartzeari, zeozelan baztertuta sentidu ziran. Baina, zorionez, Iurretan, Tiliño eta beste batzuk hasi ziran gerra aurreko soinulariei omenaldiak egiten, 74an edo hasi ziran eta 25 bat urtean 60 bat soinulari omendu zituen. Zitzek be izan eban berea Gatikan 77an, oso oker ez banago.
8.- Kepa Arrizabalaga, Tomas Arrizabalaga Sitze soinu jotzailearen semea, Bizkaiko trikiti lehiaketa baten irabazle eta Roberto Etxebarriagaz batera Euskal Herriko plazarik plaza ibilitakoa. Nork ez ditu ezagutzen...
Bai. Tomas Zitzeren eskolearen jarraipena dira izatez. Kepa eta Roberto alkarregaz urteetan ibili dira herririk herri eta argi dago Zitzeren estiloari eutsi deutsiela.
Euskal kulturan asko eskertzen dodaz belaunaldien arteko jarrera eta ahaleginak eta zeregin horretan adibide bikaina dira bai Kepa eta bai Roberto.
9.- Bizkaiko Txapelketea irabazi eta bertsoak baztertu egin dozuz?
Ez, bertsotan banabil baina txapelketetan ez dot jarraitzen. Egun emakume bat dogu Bizkaian txapeldun eta bertsolari gazteak oso polito dabiz.
10.- Unibersidadean eskolak emoten eta tesia idazten be bazabiz. Ze gai jorratzen zabiz?
Bai unibersidadean eskolak emoten nabil eta batzuetan bertan hasten naz bertsotan [Barreka]. Bien bitartean, tesian jorratzen nagoan gaia dator nire kulturgile sasoitik, hau da, nire bizi osoa emon dot kulturgintzan eta enpresa zuzendaritzea eta administrazino ikasketak eginda neukazanez, Euskal Herrian eta Europan kulturgileok bizimodu eskasa geunkala jaubetu eta bidebakoa begitandu jatan formakuntza handiko eta sakrifizio gaitasun handiko lagunak egonda, hitzarmenik, gitxieneko soldatarik eta antzekorik ez egotea. Bihotzez egiten dan gauzea da eta zeozer egin behar zala otu jatan gure lan baldintzak hobetzeko eta Euskal Herrikoa Europako kulturarik zaharrena dala jakinda, edonora zabaltzeko modukoa dala geurea. Horretan nabil beharrean eta ezustekorik ezean, aurten amaitu eta aurkeztu gura neuke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!