Ipar Euskal Herriko herritarren kultur praktikak ugaritu egin dira azken 10 urteotan
2019-12-19 13:30 KultureaIpar Euskal Herriko herritarrek 1etik 10erako eskala batean, 7,5eko garrantzia emoten deutsie kultur parte-hartzeari.
Eusko Jaurlaritzeak eta EKE-Euskal Kultur Erakundeak Iparraldeko kultur konsumo eta parte-hartzearen inguruko azken datuak aurkeztuko ditue, Kulturearen Euskal Behatokiak egindako txosten batean oinarrituta. Euskarazko kultur konsumoa be hazi da euskal hiztunen artean, batez be bertsolaritzearen, antzerkiaren eta musikearen arloetan.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Pantxoa Etchegoin EKE-Euskal Kultur Erakundearen zuzendariak Iparraldeko kultur konsumo eta parte-hartzearen inguruko azken datuak aurkeztu ditue. Datu horreen arabera, Ipar Euskal Herriko herritarrek jarrera positiboa erakusten dabe kulturearen aurrean eta, 1etik 10erako eskala batean, 7,5eko garrantzia emoten deutsie kultur parte-hartzeari. Horregaz batera, parte-hartze kulturalaren bilakaera positiboa egon da azken hamarkadan, eta biztanleak gero eta gehiagotan joaten dira jantza ikuskizunetara, kontzertuetara, antzerkira edota museoetara. Euskerazko kultur konsumoari jagokonez, euskal hiztunen kultur parte-hartzeak gora egin dau.
Aurkeztutako datuak Eusko Jaurlaritzaren menpeko Kulturearen Euskal Behatokiak egindako 2018ko Kultura-ohitura, praktika eta konsumoari buruzko Inkestatik atera dira. Azterlan hori Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean egin da, 6.300 personako laginagaz. Txosten horretatik abiatuta, zemendiaren 29an, Donostian, Euskal Herriko euskerazko kultur konsumoaren inguruko datuak aurkeztu ziran, hau da, euskeraz egiten dan kulturearen gaineko datuak ardatz hartuta, Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroa eta Iparraldeko datuak ezagutzera emon zituen. Pasa dan abenduaren 9an, Bilbon egindako aurkezpenean, EAEko parte-hartze kulturalaren inguruko datu orokorrak aurkeztu zituen eta gaur, azkenik, Iparraldeko parte-hartze kulturalari buruzko inkestako emoitzak aurkeztu dira.
Azterlana, Euskal Kultur Erakundeagaz (EKE) koordinauta egin da. Helburua biztanleriaren parte-hartze kulturalaren argazki zehatza emoten daben adierazleak lortzea da. Iparraldean bizi diran 15 urteko edo gehiagoko personei egindako 1.150 alkarrizketek osotu dabe lagina. Lurraldeen (Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa) araberako ordezkagarritasuna ziurtatzen dau laginak.
Ondorio nagusiak
Parte-hartze kulturalak autortza soziala dauka (EAEko datua 7,34 izan da, eta EAE, Nafarroa eta Iparraldeko datu globala, 7,37).
Azken azterlana orain 10 urtekoagaz koparauta, parte-hartze kulturalaren bilakaerea positiboa izan da. Igoerarik nabarmenenak honako praktika honeetan izan dira: jantza, kontzertuak, antzerkia, museoetara joatea eta, azkenik, erakusketetara joatea (20 puntu baino gehiagoko igoerak). Aztertutako 12 praktiketatik bat mantentzen da (musikea entzutea) eta beste bat murriztu da (egunkariak irakurketea, 14 puntu gitxiago).
Asoziazionismoa eta amateur mailako praktikak
Azken hamarkadan alkarteetako parte-hartzeak 9,1 puntuko beherakadea izan dau. Biztanleriaren % 17,1ek kultura-alkarte batean parte hartzen dau; % 8,3k batean baino gehiagotan. Iparraldeko biztanleriaren % 42,5ek adierazoten dau gitxienez urtean behin parte hartzen dauela sormenezko jardueretan, besteak beste, idazketan, margolaritzan, jantzan, artisautzan eta beste hainbatetan.
Kultura praktika digitalak
Kultur praktika digitalei jagokenez, oso zabalduta dagozan (% 60tik gora) lau praktikak osotutako blokea nabarmentzen da: albisteen irakurketea, informazinoa batzea, wikien konsultea eta musikea entzutea. Bigarrenik, gitxiago zabaldutako (% 45 inguru) praktika bik ostutako bloke batek kultura-edukiko sarbide edo deskarga-praktikak batzen ditu, eta horregaz batera, webgune edo blog personaletarako bisitea.
Azterlanak erakutsi dauenez, sare sozialek kulturea konpartidutea errazten dabe. Interneten sartzen dan biztanleriaren artean, % 21,5ek sareak erabilten ditu beste artista batzuk ezagutzeko edo hareekaz hartu-emonetan jarteko.
Bestetik, ikusi da kultura-edukia daben plataformak aurrera doazela. Biztanleriaren % 25,2k kontu bat dauka kultura-edukia dauen plataforma digitaletan. Hirutik bik ordainketa-kontu bat dabe, batez be banakoa.
Euskerazko parte-hartze kulturala
Inkesteak euskarazko parte-hartze kulturala neurtu dau. Horretarako, abiapuntu moduan, azterlanak jaso dau, azken datu soziolinguistikoetan oinarrituta, euskaldun kopurua bajatu egin dala Iparraldean (% 25,9tik % 21, 8ra).
Lurraldeen arabera, aldeak oso nabarmenak dira (Zuberoan, % 51,6 dira euskal hiztun; Nafarroa Beheran, % 50; eta Lapurdin, % 16,6). Halan da be, euskerazko kultur konsumoa sendo mantentzen da eta praktika batzuetan nabarmen igon da.
Gizarte guztiari erreparauta, datuek erakusten dabe hizkuntzea ulertzeak sano baldintzatzen dauela euskerazko kultur praktiketan parte-hartzea. Dana dala, nabarmentzekoa da Iparraldeko biztanleria osoaren artean euskerazko musikeak dauen indarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!