Xabier Hernandez Llonak jaso dau XVI. Santiago Onaindia Bekea

Bizkaie! 2019-12-19 10:09   Kulturea

Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan lanagaitik emon deutsie.

Santi Onaindia Bekearen aurkezpena (argazkia: Amorebieta-Etxanoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia Bekearen 16. edizinoko irabazlearen barri emon dau, Zornotzan bertan egindako agerraldi baten. Xabier Hernandez Llonak irabazi dau, Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan izeneko lana egiteko proiektuagaitik. 12.000 euro emongo deutsiez, eta 2021eko udabarrirako amaituta aurkeztu beharko dau. Jagokozan egokitzapenak eginda, Labayru Fundazinoaren Aita Santi Onaindia bilduman argitaratuko dabe Hernandez Llonaren azterlana.

Ametx udal erakunde autonomoak antolatzen dau, urte birik behin, Santiago Onaindia Bekea, Labayru Fundazinoaren laguntzinoagaz. Euskal literaturearen inguruko azterlanak bultzatzea da helburua, eta, bide batez, Santiago Onaindia idazleari omenaldia egiten jako.

Aurtengo edizinoan, bost lan aurkeztu dira bekea eskuratzeko lehiaketara. Lau lagun egon dira epaimahaian: Ametx erakundeko presidentea eta euskal literaturearen alorreko hiru aditu. Bost proiektuen artean, Xabier Fernandez Llonarena aukeratu dabe, literaturearen didaktikearen inguruan egiten dituan proposamenakaitik.

Hain zuzen be, Literaturaren didaktikaren erronkak XXI. mendeko bigarren hezkuntzan dalako lan horretan, literaturearen irakaskuntzan dabizan eragileen artean adostutako bidea zedarritzeko ahalegina egingo dau Hernandez Llonak. Etorkizunean literatureak gazteen garapen emozional, afektibo eta kognitiboan modu positiboan eragitea da bide horren asmoa.

Beste alde batetik, aurreko edizinoko Santiago Onaindia Bekearen irabazlearen lana prest dago argitaratzeko. Lourdes Otaegik eta Garazi Otsagabiak Beste gerrako kronikak. Bikote harremanak eta indarkeria Ramon Saizarbitoriaren eleberrigintzan izenburudun azterlan sakona atondu dabe, eta, bekearen baldintzetan adostuta dagoan legez, Labayru Fundazinoaren eskutik kaleratuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu