Unibersidadearen eta uriaren arteko loturak aztergai Bilbon

Bizkaie! 2019-12-19 09:32   Kulturea

Unibersidadea urira zabaltzea da asmoa, lankidetza-ekosistemea sortuz.

Mondragon Unibersidadeak antolatutako UniberZiutatea nazinoarteko mintegian uriaren eta unibersidadearen arteko hartu-emonak jorratzen dagoz atzo eta gaur, nazinoartetik etorritako antropologo, soziologo eta hezitzaileek eta Bilboko gizarte-eragileek. Bilbao Barrikuntza Faktorian (BBF) egindako aurkezpen ekitaldian, parte hartu dabe Jordan Guardok, Bilboko Udala ordezkatuz, eta Monika Madinabeitia Mondragon Unibersidadeko Humanidade Digital Globalak graduko koordinatzaileak.

Jordan Guardo Bilboko Udaleko Alkatetzako Aholkulariak azaldu ditu Udalak Zorrotzaurrerako dituan asmoak: Gune bat sortzea biziteko, lan egiteko eta gozetako. Helburua da eratzea ekosistema bat batuko dituana unibersidadeak, enpresak eta gizarte eragileak, berebiziko garrantzia emonda sormenari eta ingurumenari. Guardoren eretxiz, helburua ez da unibersidadeak erdialdera ekartea, horreek urian sartzea baino.

Monika Madinabeitia Mondragon Unibersidadeko ikertzaileak azaldu dau kongresuaren helburua: UniberZiutatea kontzeptu barrian sakontzea. Kontzeptu horren muinean asmo jakin bat dago: unibersidadea uri osora zabaltzea, gizarte-eragileen eta mundu akademikoaren arteko lankidetza-ekosistemea sortuz.

Jardunaldiak hiru batzordetan antolatuta dagoz; batetik, Hiri-ondarea eta komunidadea batzordeak berbagai izango ditu Zorrotzaurreko uri-ondarea eta komunidadearen memoria, unibersidade-campus barria bere inguruan egoki errotu ahal izan daiten. Bestetik, Unibertsidadearen XXI. mendeko rola batzordeak eztabaidatuko dau unibersidadeak XXI. mendean izan beharreko rolaren inguruan. Talde honek arreta berezia jarriko dau unibersidadeak gizarte-aldaketa eragile modura bete beharreko funtzinoan. Azkenik, Unibersidadearen eta eragile sozialen arteko alkarlana batzordean, aditu akademikoek eta Zorrotzaurre inguruan dabizen profesional eta ekintzaileakaz hausnartuko dabe ekintza-ikerketa paradigmaz eta unibetsidadeek gizarte-eragileakaz alkarrekintzan jarduteko moduez. Ikerketa akademiko tradizionalak ez bezela, ekintza-ikerketak gizarte aldaketarako tresna modura ulertzen dau bere jarduna. Horretarako, arazo sozial zehatzak ikertzen ditu, arazootako protagonistakaz alkarlanean.

Beste batzuren artean, hiru batzorde horreetan esku hartuko dabe hurrengo aditu eta eragilek: Paul R. Mullins, Joseba Zulaika, George Belinga, Ruth Mayoral, Ziortza Etxabe, Jone Belausteguigoitia, Ibai Etxezarraga, Lucía Agirre, Eva Salcedo, Sue Wright, Jan Masschelein, Keri Facer, Ignacio Otalora, Gaizka Zuazo, Luis Berasategi, Arantza Ozaeta, Txema Egaña, Ixone Soroa, Sue Hyatt, John Andersen, Karim Asry, Marta Alvarez, Koldo Díaz, Arantxa Mendiharat, Ricardo Mutuberria, Andoni Eizagirre, Xabier Barandiaran eta Oihana Eizmendi.

UniberZiutatea jardunaldia antolatu dau Mondragon Unibersidadeak 2020ko irailean Zorrotzaurren abiatuko dauen Humanidade Digital Globalak (HDG) graduaren harira. Hezkuntza formalaren eredua eguneratu gura dau gradu honek, ikasgelako hormez harago uriagaz eta urirako ikasteko aukerea eskainiz.

Informazino gehiago hemen: UniverCity.mondragon.edu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu