Munduko estadu-izenen araua gaurkotu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2019-12-19 08:07   Euskerea berbagai

Mendebaldeko Sahara eta Palestina lehenengoz agiri dira zerrendan.

Ia hamarkada batez ia ikutu barik egon eta gero, munduko estaduen, hizkuntzen eta uriburuen izenak arautzen dituan 38. araua gaurkotzeko sasoia izan dala ikusi dau Euskaltzaindiak, kasu batzuetan errealidadea aldatu egin dalako. Gehikuntza eta aldaketa txiki batzuei esker, guztiz eguneratuta dago orain.

1995ekoa da 38. araua, baina 2007an egin eutsien azken eguneratze handia. Harrezkero, hiru aldaketa txiki baino ez deutsiez egin: Kosovo sartzeko (2008), Hego Sudan sartzeko (2011) eta beste alfabeto batzuetatik transkribidutako leku-izen batzuk gaur egungo arauetara egokitzeko (2012).

Oraingo gaurkotze honetan, estadu bi gehiago gehitu ditue zerrendara, Mendebaldeko Sahara eta Palestina. Euren estatus berezi eta guztiz zehaztu bakoagaitik, Euskaltzaindiak orain arte ez ditu estaduen artean sartu, baina erispidea aldatzeko arrazoiak ikusi ditue azken berrikuspenean. Oin-ohar banagaz datoz zerrendan, bien estatusaren nondik norakoak zehazteko.

Luxenburgo estaduak orain arte euskeraz izan dituan aldaera bietatik (Luxenburgo eta Luxemburg), bakarra geratu da orain hizkuntza jasorako, Luxenburgo hain zuzen, aldaera horrek erabileran dauen nagusitasun ia erabatekoagaitik. Gauza bera erabagi dau Euskaltzaindiak Friburgo/Fribourg, Hanburgo/Hamburg, Estrasburgo/Strasbourg, Salzburgo/Salzburg eta Edinburgo/Edinburgh urien izenetarako be.

Ganera, estaduen izen osoetarako araua bateratzeko asmoz, Islamiar beti joango da izenaren aurretik (Afganistango Islamiar Errepublikea izango da aurrerantzean, ez Errepublika Islamiarra); nongo kasuagaz lotuko da errepublika kontzeptua (Errusiako Errepublika, ez Errusiar Errepublika); eta federazio onetsi da federakunde-ren ordez (Errusiako Federazioa, eta, beraz, Suitzako Konfederazioa be bai). Bestetik, Afganistango hizkuntza ofizialetako baten izen arautua dari izango da aurrerantzean, orain arteko persiera baino zehatzagoa dalakoan.

Horrezaz gan, 38. araua erabiltzaileei erakusteko modua aldatu da. Uriburuen zerrendea gehitu da estaduenen alboan, eta estadu bakotxaren ingelesezko ordaina be emoten da orain, gaztelaniazko eta frantsesezkoagaz batera. Uriburuen kasuan, erdaretako ordainak jarri dira, ze orain arte euskerazko zerrendea baino ez da egon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu