Aurten ikasitako 20 berba eta ahaztu ditugun beste 2

Bizkaie! 2019-12-18 13:22   Euskerea berbagai

Zerrenda osoa UZEIren webgunean konsultau daiteke.

2019an albiste izandako 22 termino eta esamolde hautatu ditu UZEIk; horreen artean, lehendik ezagunak izan arren aurten protagonismo nabarmena izan daben kontzeptu ezagun batzuk bere jaso ditu zerrenda horretan, baita 2019ko jazoerek galbidean jarri dituen berba bi be.

Urtero egiten dau UZEIk holako zerrenda bategaz amaitzear dagoan urtearen errepasoa; igaz be, 2018ko berbak batu zitua, besteak beste, oraindino Espainiako Presidente izan zan Mariano Rajoyren ateraldi bat (aprobetxategi), eta lehen Euskaraldiak ekarri euskuzan belarriprest eta ahobizi berba barriak.

Aurtengo zerrendan ez dago politikarien ateraldirik, baina ez da falta politikeagaz lotura zuzena daben berbarik (trifatxito). Politikaz gan, bada zerrendan nagusitutako beste gai bat be: klima-aldaketea, horregaz lotutako berba eta esamolde barri bat baino gehiago barruratu baititugu aurten, adibidez, larrialdi klimatikoa.

Urte batetik bestera errepetiduten dira berbagai eta jazoera batzuk, eta UZEIren zerrendan atzemoten da hori. Aurten, adibidez, Euskaraldia bere bigarren edizinoa atontzen dago eta ariguneak sartu dira berba barrien sortan.


Euskerea barritzea

Berba eta esamolde barri horreetako gehienak komunikabideetatik eta sare sozialetatik jasoak dira, izan be, hizkuntza-teknologien arloko baliabideak eguneratzeko, egunez egun arakatzen dau UZEIk euskaldunek komunikabideetan eta sare sozialetan erabilten daben lexikoa. Urtean zehar jasotako informazinoren emoitzea da, beraz, zerrendea.

Halan da be, zerrenda honek ez dau urtearen errepasoa modu arin eta umoretsu batean egitea baino goragoko asmorik, ez bada gogora ekartea euskal hiztunon lexikoa pentsa daitekeen baino gehiago aldatzen dala, osasuntsu dagoan edozein hizkuntzatan gertatzen dan legez.


Berben zerrendea

2019ko berben zerrendea bere webgunean jarri dau UZEIk. Danetara, 22 berba edo kontzeptu dira, urtean zehar jasotako hurrenkera berean jarriak.

Hemen irakurri daiteke osorik: www.uzei.eus/2019kohitzak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu