Aramaioko Bertso Eguna, urtarrilaren 18an
2019-12-18 08:05 BertsolaritzeaLau otordu izango ditu aukeran zaleak.
Gaur bertan jarri dira salgai Bertso Eguneko bazkarirako txartelak. Aramaion izango da hitzordua urtarrilaren 18an, eta bertso bazkaria izango da egitarauko jarduera nagusia. Lau otordu izango ditu aukeran zaleak: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga izango dira Ehiztari txokoan; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra alkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso izango dira Uribarriko alkartean; eta Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako alkartean. Txartelak eskuragai dagoz urtarrilaren 10era arte www.bertsosarrerak.eus atarian, 20 euroren truke.
Uribarriko eta Zabolako alkarteetara joateko autobusa jarriko dau alkarteak herrigunetik, goizeko saioa amaitzen dan lekutik -lehenerako 14:30ean, eta bigarrenerako 14:45ean-. Izan be, bertso bazkarien aurretik, 12:30ean, bertso ibilbide gidatua egingo da Aramaioko kaleetan zehar. Gidari lanetan izango dira Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.
Bazkariaren ondoren, arratsaldean jaiari ekin gura deutsonak izango du aukerea, Urola erdiko trikitilariak batuko baitira 19:00etan. Are gehiago: lo egiten geratu nahi dauenari lekua be eskainiko jako, eskaerea egon ezkero. Horretarako emon izena hemen, urtarrilaren 10a baino lehen.
Aramaioko Udalagaz eta Aramaioko Bertso-Eskoleagaz atondu dabe alkarlanean 2020ko Bertso Eguna, eta beste zenbait alkarteren laguntzinoa be izan da: Amillena Aramaioko turismo alkartea eta Iparra-Hegoa kasu, bazkariak hartuko dituen alkarteez gan.
Arabako Bertsozale Alkartearen batzarra
Hitzordua Arabako Bertsozale Alkartearen batzarra egiteko be erabiliko da: goizeko 10:00etan izango da, Aramaioko udaletxean. Gainera, lehenago, Arabako Kuadrilla Artekoa be aurkeztuko dabe, 9:00etan, leku berean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!