Lexiko barria jarri dau sarean UZEIk
2019-12-17 12:17 Euskerea berbagaiProiektu-zuzendaritzearen euskerazko terminologia bateratzea izan da helburua.
Etenbako aldaketak dituen testuinguruan bizi dira gaur egungo enpresak eta erakundeak, eta, arrazoi horrengaitik, eraginkortasunez moldatzeko kapaz izan behar dabe lehiakortasuna ez galtzeko. Horren ondorioz, proiektuen zuzendaritza eta kudeaketearen arloa asko indartu da azken urteotan industrian eta zerbitzuetako sektorean, proiektuak aurrera eroateko ekintza guztiak planifikau, antolatu eta kontrolau beharra dagoalako. Eta horixe da, hain justu, proiektu-zuzendaritzearen esparruak dauen asmoa.
Euskal unibersidadeek aspaldi emon eutsien garrantzia arlo horri, baita Euskal Herriko Unibersidadeak, Mondragon Unibersidadeak, hainbat titulutan Proiektu Zuzendaritza ikasgaia irakasteaz aparte, master propioak be landu ditue.
Halan da be, erakunde, enpresa eta unibersidadeek ez dabe terminologia bateratu bat ezarri; bakotxak bere terminologia propioa proponidu eta erabili izan dau. Eta egoera horrek, jakina, proiektu-zuzendaritzea erabilten daben eragileen artean komunikazino-bakotasunak eragin izan ditu, bai eta euskerea erabili beharrean ingelesezko terminoetara joteko jokerea be.
Orain sarean jarritako Proiektu Zuzendaritza Lexikoaren helburua, beraz, arlo horretako eragileek beren jardunean beharrezkoa daben oinarrizko euskerazko lexiko espezializatua adostea eta euskerazko terminologia bateratu bat sustatzea da.
Lankidetzan egindako lana
Euskal Herriko Unibersidadeak, Mondragon Unibersidadeak eta PMI Euskadi branch-ek be parte hartu dabe ekimenean. Project Management Institute (PMI) erakundeak ezagutza eta gaitasuna bermatzeko ziurtagiriak eskaintzen ditu, eta haren estandarrak dira mundu osoan zehar proiektu-zuzendaritzearen esparruan onarpen handiena dabenak.
UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak landu dau lexikoa, terminologia lantzeko jardueran dauen esperientzia autortuz. Aitatutako erakunde eta unibersidadeetako adituen ekarpenak batu ditu bere proposamen lexikoan.
Lexiko eleaniztuna
Proiektu Zuzendaritza Lexikoa lexiko eleaniztuna da, lau hizkuntza batu (euskerea, gaztelania, frantsesa, ingelesa), eta 457 kontzeptu jasoten ditu guztira, bakotxa bere definizinoz horniduta.
Lexikoak erabiltzaileen artean bere bidea egiten badau, proiektu-zuzendaritzan dabizen eragile eta profesionalek tresna baliogarria izango dabe euskerea alkarren artean modu koherentean erabilteko, eta arlo horretan espezializauko diran ikasleek be etorkizuneko lanean euskerea be berme osoz ibilteko baliabide praktikoa izango dabe.
Lexiko doban deskargau daiteke uzei.eus/proiektuzuzendaritza helbidetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!