Kokein taldeak kantu bi atera ditu 20. urteurrenean
2019-12-17 10:03 MusikeaIa konturatu barik pasau jakez hamarkada bi, boskote eibartarraren arabera.
Orain dala hiru urte Lurphekariä diskoa plazaratu eta gero, orain beste lan bat dakar Kokein taldeak. Kasu honetan, disko laburra da, Lera izenekoa, kantu barri bi dakarzana. Itzalak da horreetako bat, bideoklip eta guztikoa, eta Iraganaren etorkizuna bestea. Doban entzuteko moduan zabaldu ditu Kokeinek kantu biak sareetan.
Hogeigarren urteurrenaren atxakian datorren argitalpena da Lera. Urteotan irabazi daben guztia ospatzeko asmoa dauka boskote eibartarrak: Modu inkontzientean hamarkada bi igaro doguz, azaldu dabe taldekideek eurek. Beste mila gauzari eskainiko ez zeinkiona eskaintzen deutsazulako, eta emon be bai. Zure erreferentzia zana zure preferentzia bilakatzen dozunean, ia guztiaren ganetik. Inoz bizi beharreko beste bizipen batzuk galdu badoguz askotan honegaitik izan da, Kokeingaitik.
Disko laburrak Kokeinen betiko ezaugarriei eusten deutse: Nortasun rockeroa, euskerazko berbak eta Zaloa Urainen ahots indartsua. Gaztain estudioetan grabau ditue abesti biak, eta Itzalak bideoklipa Hannot Mintegiak zuzendu dau.
1999an sortu zan Kokein taldea, eta 2002an plazaratu eban lehenengo diskoa, Kokein izenekoa, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz. Ondoren etorri ziran Lotuta egon arren (2004), Mundu margotu berri bat (2007), Izan (2012) eta Lurphekariä (2016). Gaur egungo bost taldekideak honeek dira: Zaloa Urain, Txitxes, Iker Sainz, Jatsu Argarate eta Haritz Lete.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!