Arantza Iglesias, Fletan Duo eta Gloria Borge Lasarte 'Bertatik Bertara' programan

Bizkaie! 2019-12-17 08:04   Kulturea

Helburua da Bilbo, Santander eta Gijon urien artean kulturea sustatzea eta trukatzea.

Arantza Iglesias konpainia, Fletán Dúo eta Gloria Borge sortzailea hiru konpainia dira eta ezagun bihurtzen doaz; ezustekorik ezean, 2020ko urtarrilean saioak eskainiko ditue, V. Reunión en Danza-n (RED); ekimen hori Bertatik Bertara 2019 programearen barruan hautatua izan zan, hau da, Bilbo, Santander eta Gijoneko profesionalen artean kultura-proiektu eta jarduerak sustatzen dituan programearen barruan.

Arantza Iglesias bilbotar konpainia hautatua izan da topaketan parte hartzeko. Konpaina horren piezea sortze-prozesuan dago, eta Lo no Manifestado dau izena.

Fletán Dúo konpainia, ostera, Santanderren izan da hautatua, Filete de Panga lanagaz. Lan horretan, jantzak eta antzerki fisikoa buztartuz, arian-arian argitzen dira hartu-emonak eta personen arteko gorputzezko kontaktuaren beharrizana, ukimena, azaldu dau Torrentsek.

Azkenik, Gijonetik, Gloria Borge Lasarte izango da bere lehenengo koreografia-lan bakarkakoa aurkeztuko dauena, Still Point izenekoa. Lan hori sortu zan koreografia sorkuntzearen eta eszena-interpretazinoaren arloan saiakuntzak egiteko interes personaletik. 

Konpainia horreek hautatzeko, proposamenak jasoteko prozesu bat abiarazo eben abuztuan. Ondoren, Euskadi, Kantabria eta Asturiasko jantza-alkarteetako ordezkariek osotutako epaimahai batek hautatu zituan hiru proposamen horreek, kontuan hartuz hizkuntzearen, formazinoaren edo esperientziaren aldetik ekarren arriskua.


V. Red

Urtarrileko azken hiru asteburuetan izango da. Santanderren, urtarrilaren 10etik 12ra izango da, Café de las Artesen; Bilbon, 17tik 19ra, la Fundición-en, eta Gijonen, 24tik 26ra, La Laboralen antzerkian.

Bilbon, programea osatzeko, Zig Zag Janza konpainiaren saio bat izango da, Portrait lanagaz gonbidadu lez parte hartuko dauelako la Fundiciónen. Gainera, aurreko aldian hautatuak izandako konpainiek eskatuta, formazino-tailer bat antolatu da, kudeaketeari eta banaketeari buruz, Jemima Canok emongo dauena. Tailerra urtarrilaren 17an izango da, barikuan.

Santanderren Leila Ka frantses artista frantsesak parte hartuko dau duo bi egingo ditualarik Alexandre Fandard-egaz, Très loin, à l'horizon eta cést toi quón adore. Kantabriako uriburuan formazino tailer bi izango dira, Flavia Mayansek eta Alexandre Fandardek emonak: lehenaren helburua da argiztapenari buruzko ezagutzak eta baliabideak eskaintzea, eta bigarrena jantza garaikideaz izango da.

Bestalde, Gijónen, Martin Krego konpainiak parte hartuko dau, Zona No Confort lanagaz. Konpainia horrek berak emongo dau formazino-tailer bat, gorputz adierazpenari buruzkoa.

 

Bertatik Bertara

Hitzarmenaren helburua da kultura-proiektu eta jarduerak sustatzea alkarregaz. Era horretan, hiru uriek alkarregaz parte hartzen dabe tokian tokiko edo estaduko nahiz nazinoarteko proiektuetan; bidebatez kanalak sortzen dira, hartu-emonetan jarteko lurralde bakotxeko sortzaileak, arlo batekoak zein bestekoak, gainerako lurraldeetako zirkuitu eta programatzaileakaz.

Hitzarmenaren bidez kultur informazinoaren trukea sustatzen da, eta publiko truke osasungarri bat eragiten, uri batetik bestera, kultura ekitaldi batek erakarrita.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu