Tesiker atarian euskerazko doktorego-tesi guztiak batu ditue

Bizkaie! 2019-12-12 12:51   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzearen eta UEUren arteko lankidetzeari esker posible izan da.

Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Kepa Sarasola UEUko zuzendaria | Ikusi handiago | Argazki originala



Tesiker
euskerazko doktorego-tesien datu-basea aurkeztu dabe Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UEUk. Bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukerea eskaintzen dau atari berriak. 550 tesi dagoz dagoeneko bertan.

Euskerazko Doktorego Tesien datu-basea 2007. urtean jarri eban martxan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Udako Euskal Unibersidadearen laguntzaz. Euskeraz aurkeztutako doktorego-tesi guztiak batu eta eskuragarri jartea zan asmoa eta urterik urte edukiz hazten doan datu-basea da. Gaurko aurkezpenean Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak azaldu dabenez, azken datuen arabera, 550 euskerazko tesi lanen erregistroa dago bertan, Tesi bakotxa bere horretan ekarpen garrantzitsua bada be, guztiak batera corpus batean batzea sano garrantzitsua da.

Tesiker-ek UEUk kudeatzen dauen Inguma Euskal komunidade zientifikoaren datu-basean dau abiapuntua. Euskal Herriko unibersidade guztietan edo euskal produkzinoa dabenetan (Euskal Herriko Unibersidadea, Deustuko Unibersidadea, Mondragon Unibersidadea, Nafarroako Unibersidade Publikoa, Nafarroako Unibersidadea, Paueko eta Bordeleko unibersidadeak) euskeraz aurkeztutako tesien erreferentziak osotasunean batzen dituan informazino iturri publiko bakarra da Inguma. Helburua euskera batuaren arauak finkatzen hasi ziranetik gaurdainoko produkzino zientifiko-intelektual osoa (idatzizkoa zein ahozkoa) jasotea (unibersidade mailakoa eta euskeraz) eta danon eskura jartea da.

Euskerazko goi mailako produkzinoa sustatzea, Euskal Komunidade Zientifikoa sendotzea eta Sarea euskerazko goi-mailako edukiakaz hornidutea ditu helburu nagusi Tesiker-ek. Hasieran euskerazko doktorego-tesiak euskarri elektronikoan (PDF formatuan) argitaratu eta sareratzea zan asmoa; euskerazko produkzinoaren sustapenerako eta komunidade zientifikoaren trinkotzerako izan eikean garrantziagaitik, 1976 urtean lehen euskerazko tesia aurkeztu zanetik aurkeztutako tesi guztiak batzea, hain zuzen be.

2014. urtetik aurrera, unibersidadeak tesi lanak euren gordailu publikoetan argitaratu behar zituen eta, beraz, Euskerazko Doktorego Tesien datu-baseak tesi horreen esteka atzitu eta tesi lanaren metadatuak batzeko zereginari eusten deutso.

Gaur egun Inguma datu-basean 763 tesi lan dagoz katalogauta eta horreetatik 550 Euskerazko Doktorego Tesien datu-basean eskuratu daitekez. Beraz, euskerazko tesien % 70 inguru dago eskuragarri eta, nahiz eta tesi zaharrenak eskuratzea gatxagoa izaten dan, helburua ahalik eta gehienak batzea da. Urtero 50-60 tesi barri sartzen dira bertan.

Oraindino be, Giza eta Gizarte Zientzien arloko lanak dira nagusi, % 55,56, hain zuzen. Halan da be, anabarmendu behar da azken urteetan jokerea aldatu egin dala. Oro har, Zientzien adarretako tesiek gora egin dabe, nabarmentzekoa Osasun Zientzietako lanek 2009-2019 urteen tartean % 77ko igoerea izan dabela 1976-2008 urteetako lan kopuruakaz konparauta.

Doktorego-tesi bakotxaren inguruko hainbat datu dagoz Euskerazko Doktorego Tesien datu-basean: Izenburua, egilea, zuzendaria(k), unibersidadea, fakultadea, saila, Jakintza arloa, SHU, Urtea, ISBN (dagoanean), laburpena (euskeraz, ingelesez), elebidunen ezaugarriak (hizkuntzea, orriak) zein esteka pdf dokumentura. Azken aldaketakaz bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukerea izango da: Egilearen arabera, izenburuaren arabera, urtearen arabera, deskriptoreen arabera edota unibersidade zein jakintza arloen arabera.

Unibersidade mailako emoitzak ezagutarazoteaz gan, jakintza arlo ezbardinetako ereduak jarten ditu danen eskura, arlo bakotxeko ikertzaileei terminologia eskainiz. Ikertzaileentzat bakarrik ez, Tesiker datu-basea erabilgarria da irakasle eta ikasleentzat be; bai eta jakintza-alor desbardinetako aditu euskaldunak bilatzeko be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu