Bikain ziurtagiria jaso dabe 25 enpresa eta entidadek
2019-12-12 09:19 Euskerea berbagaiHorreetatik 17k goi mailako errekonozimendua dabe.
Donostiako Kursaalean egin dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bikain ziurtagiriak emoteko ekitaldia. Agiria jaso daben 25 enpresa eta entidadeen artean, arlo guztietakoak dagoz, hasi industriatik eta hedabide zein kulturearen alorrera. Erakunde publiko batzuk be badagoz tartean, esate baterako, Lehendakaritzea, Etxepare Institutua eta Bizkaiko Osasun Mentalaren Sarea.
Ziurtagiria jaso daben erakunde eta enpresa gehienek, 17k, Urrezko Bikain eskuratu dabe, hau da, maila gorena. Beste bostek tartekoa lortu dabe eta hiruk, oinarrizkoa. Danen artean, 8.000 behargin baino gehiago ditue. Gipuzkoakoak 14 dira, Bizkaikoak zortzi eta Arabakoak, hiru.
Ekitaldian Bingen Zupiria sailburua eta Miren Dobaran sailburuordea egon dira. Lan-munduaren esparrua irabaztea da euskerearen erronka nagusietako bat, Zupiriaren ustez, eta, horretarako, enpresa eta entidadeek eragile aktiboak izan behar dira: Euskerea gero eta gehiago lotzen da bikaintasunagaz eta kudeaketa aurreratuagaz.
Euskerea lan-munduan sustatzeko helburua daben Bikain ziurtagirien 11. edizinoa izan danez, Hamaika hitzetan da aurtengo leloa. Hamarkadaz hamarkada, urtez urte, euskerea esparru barriak irabazten joan da. Halandabe, oraindino bide luzea dogu aurretik lan-munduan euskerea era egokian txertatzeko. Eta bide horretan oso garrantzitsua izango da planifikazinoa eta lidergoa, adierazo dau Zupiriak. Miren Dobaranek ganeratu dauenez, genero bardintasuna, jasangarritasuna edo enpresen dimensino soziala funtsezkoak diran legez, hizkuntzen kudeaketeak be garrantzi handia hartu dau kudeaketa aurreratuaren ikuspegitik, euskerea balio erantsia da.
Kanpo-ebaluazino bat egin ostean eskuratu daitekeen ziurtagiria da Bikain. Ebaluazino horretan, EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan egin ohi diran, eta zelan kudeatzen diran egiaztatzen da, besteak beste. Neurtzen diran alorrak ondorengo honeek dira: Komunikazinoa eta irudi korporatiboa; kanpo-harremanak; barruko hartu-emonak; eta hizkuntzen kudeaketea.
Bikain Ebaluatzaile Klubeko kideek egiten ditue azterketok, danetara 725 lagun dabiz zeregin horretan gaur egun, hainbat sektore eta espezialidadetakoak. Orain dala hamarkada bat baino gehiago Bikain ziurtagiriak emoten hasi ziranetik, 393 enpresa eta entidadek eskuratu dabe, eta 75.000 langile dabiz horreetan guztietan.
Hona hemen 2019an Bikain Ziurtagiria eskuratu dabenen zerrendea:
Goi mailakoa
- Eusko Jaurlaritza – Kultura Sailburuordetza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzea.
- Etxepare Euskal Institutua.
- Aizarnazabalgo Udala.
- Adunako Udala.
- Dimako Udala.
- Mutrikuko Udala.
- Segurako Udala.
- Behargintza - Bermeoko Udala.
- Arazi IKT.
- Anboto (Gertuko Koop. Alkarte Txikia).
- Landeta Burdin Lanak.
- Irungo Berritzegunea.
- Uzturre
- Azkue Fundazinoa.
- Koniker S. Coop.
- Fagor
- Bizkaiko Bertsozale Alkartea.
Erdi mailakoa
- Eusko Jaurlaritzea-Lehendakaritzea.
- Galemys.
- Danobat Group.
- EHUren Farmazia Fakultadea.
- Careers&Jobs.
Oinarrizkoa
- Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea.
- Athletic Club Fundazinoa.
- Agintzari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!