Euskaltzaindiaren mendeurrena jorratu dau Karmel aldizkariak
2019-12-10 08:48 Euskerea berbagaiLiteraturako gaiak eta testuak be badakarz 308. zenbakiak.
Markina-Xemeingo karmeldarrek plazaratzen daben Karmel aldizkariaren zenbaki barriak, 308.ak, gaurkotasun handiko efemeridea hartu dau gogoan, Euskaltzaindiaren mendeurrena hain zuzen. Ospakizunak amaitu barritan, hileotan Akademiak antolatu dituan ekitaldien inguruko informazino zehatza batu dabe aldizkariaren orrietan.
Ganera, Euskaltzaindiak mendeurrenaren harira martxan jarritako proiektuak, euskalgintzako eragileakaz hasitako alkarlanak, erakundeakaz sinatutako hitzarmenak eta abar kontau ditu Karmelek. Akademiaren ehun urteko bidearen errepasoa be badakar.
Baina hori ez da 308. Karmelek jorratu dauen gai bakarra. Literaturearen inguruko jakingarri ugari topauko ditu irakurleak, esate baterako, Orixe eta urkabe-bertsoak, Jabier Kaltzakortaren eskutik, edo Mikel Zarate idazlearen heriotzearen 40. urteurrena dala eta Lontzo Zugazagak atondutako testua. Gau-loreak sailaren V. kapitulua Francisco Javier Arrietaren lana izan da.
Erlijinozko gauzek be leku nabarmena daukie ale honetan, Karmelen ohikoa danez: Biblia onuraz irakurteko dekalogoa dakar Lontzo Zugazagak eta San Joan Gurutzekoaren irakaspenak azaldu eta euskeratu ditu Luis Baraiazarrak. Bilboko Eleizbarrutiaren 70. urteurrena be gogoratu dabe.
Karmel aldizkariaren urtebeteko harpidetzea 16 eurokoa da. Harpidedun izateko, hona idatzi behar da: karmelaldiz@telefonica.net
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!