Lau egunetan 120.000 bisitari izan ditu Durangoko 54. Azokeak
2019-12-09 08:53 azokakAutobus-zerbitzua azkenean 5.700 bisitarik erabili dabe.
Durangoko 54. Azokea emonkorra, orekatua, oso jentetsua, anitza eta baikorra izan da. Lau egunez, kulturearen plazako ekosistemeak bizia hartu dau Landako Gunean, Azokako ganerako espazioetan eta Durangoko kaleetan be: 54. edizioa osorik izan DA!.
Gerediaga Alkartea eta Azokako guneetako antolakuntzea, beraz, pozik agertu dira Durangoko 54. Azokeak emon dauenagaz; Durangoko Azokea oso ekosistema berezia da. Eta egunotan argi geratu da hori. Askok osotzen dogu Durangoko Azokea, eta lau egunez, danon artean, bizia emon deutsagu.
Durangoko 54. Azokea gora-beherarik barik igaro dala azpimarratu dau antolakuntzeak. Giro ona izan da nagusi Azokako espazioetan, baita Azokatik kanpo be, eguraldia lagun. Bisitari kopuruari jagokonez, oso jentetsua izan da, eta egun guztien artean orekatua. Abenduaren 6a eta 7a izan dira egunik jentetsuenak (abenduaren 8ko datuen faltan). Abenduaren 5eko goiza, Ikasle Goiza hain zuzen be, oso jentetsua izan zan, Euskal Herri osotik etorri ziran milaka eta milaka ikasle, horrek dauen garrantziagaz euskal kulturearen transmisinorako. Abenduaren 5eko arratsaldea izan da lasaiena, jente kopuru aldetik.
Durangoko Azokeak 120.000 bisitari jaso ditu eta abenduaren 6a izan da egunik jentetsuena, 39.000 bisitarigaz. Datu horreek Landako Guneari erreferentzia egiten deutsie, baina Durangoko Azokea ez da bakarrik pabilioira mugatzen. Lau egunez Durangoko Azokako gune guztiak egon dira jentez lepo, baita Durangoko kale eta tabernak be. Horren adibide da, esate baterako, Durangoko Azokeak antolatzen dauen autobus-zerbitzuak izan dauen erabiltzaile kopuru handia: Aurten 5.700 lagunek erabili dau dobako lanzadera zerbitzua (igazko kopuru bera, baina egun bat gitxiago izanda). Azokara hurreratu dan jente kopuruaren adierazgarri be bada, DA! poltsak agortu dirala (4000 ale kaleratu ziran).
Azokako webguneak bisita ugari jaso ditu Azoka egunetan, eta batez be egitarauagaz lotutako konsultak izan dira ikusienak. Danetara, 38.800 bisita jaso ditu webguneak eta egun bateko bisiten markea hausi dau webguneak: abenduaren 5ean, 13.600 bisita. Horrek argi aditzera emoten dau, Azokako bisitariak gero eta gehiago begiratzen dauela Azokako egitaraua kulturearen plazara etorri baino lehen, eta horren arabera egiten dauela Azokako plana. 'Duda barik esan daiteke, Durangoko Azokako kultur egitaraua finkatu egin dala eta Azokako ekosistemearen ezinbesteko osogaia dala.
Azokako guneen balorazinoa
Durangoko Azokako zazpi guneek be 54. edizinoa oso modu positiboan balorau dabe. Szenatokian aitatu dabenez, gunea mikrotik makrora igaro da eta Antzerki eta Jantza Laburren Jaialdia oso arrakastatsutzat jo dabe, batez be zapatua (mila ikusle izan zituen). Barikuan be, Kukai Jantza Taldearen Erritu ikuskizunerako sarrerak agortu ziran.
Irudieneako arduradunak be oso pozik agertu dira azken lau egunetako joan-etorriagaz: Lortu dogu Azokako bisitarien agendan ikus-entzunezkoek leku bat izatea. Arratsalde baten faltan 1800 ikusle baino gehiago izan ditue, eta Zugaza zinemetan izan daben familia giroa, pasino eta emozinoz betea nabarmendu dabe. Apaiz kartzela dokumentalaren proiekzioa izan da ekitaldirik jentetsuena, baina emonaldi askotan egon da aretoa beteta.
Saguganbaran, barriz, azken urteetako anitzena izan dala azpimarratu dabe arduradunek, ibilbide luzeko idazleak egon dira, hasi barriak, esperimentetan dabizenak, gazteak, nagusiak, marrazkilariak, zientzialariak... Bisitari kopuruari jagokonez, oso jentetsua izan da.
Kabi@n aurkeztu diran proiektu eta eztabaiden ausardia nabarmendu dabe bertako arduradunek: 'Etorkizunaren nostalgia izateko arrazoiak badagoz'. Gamer Egunean gazte ugari batu ziran egun osoan zehar, eta zapatu arrastian AtopiaRPG rol-jokora zelan jolasten dan ikasi ahal izan genduan (streaming bidez be persona ugarik jarraitu eben).
Ahotsenean oso giro ona egon da zuzenekoen karpan eta barriketaldien gunean. Musikari eta idazle ezagunek sortu dabe ikusminik handiena, besteak beste, Zea Mays, Skakeitan, Bernardo Atxaga, Berri Txarrak eta Harkaitz Cano, Miren Amuriza zein Yogurinha Borovak). Baina nabarmentzekoa da zenbat talde barrik hartu daben parte Ahotsenean euren lehengo diskoa aurkezteko, eta gauza bera euren ibilbidea hasi barri daben idazle eta sortzaileakaz.
Plateruenan be giro aparta eta jente ugari izan da kaleko eskaintzaz gozetan. En Tol Sarmiento ikusteko sarrerak agortu egin ziran, eta Zetak taldearen kontzertuan oso oso sarrera gitxi geratu ziran; 800 entzule baino gehiago egon zan kontzertu bakotxean. Atzo Arkada Social taldeak be oso harrera ona izan eban publikoaren artean, 600 entzulegaz. Egunean zehar be Plateruenan izandako giro ona nabarmendu dabe.
Areto Nagusiaren kasuan, eragile eta erakunde ugarik euren proiektu eta asmoen aurkezpenak egin ditue, baina azpimarratzekoa da, gero eta gehiago, formatu ezbardineko aurkezpenak egin dirala, sortzailegoak eta ez-ohiko baliabideakaz. Horrezaz gan, ekitaldirik bereziena Throwing voices ikuskizuna izan da, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko alkarrizketa musikatua. Era berean, Durangoko Azokako II. Sormen Bekearen irabazlearen iragarpenak be ikusmin handia sortu eban.
Gogoetaren Plazaren kasuan, hausnarketa mamitsuak eta eztabaida interesgarriak sortu dira, euskal kulturea eta euskereagaz lotutako hainbat gairen inguruan. Eztabaidarik jentetsuena eta interes gehien piztu ebana 'euskerea integrazino hizkuntzea berbagai izan ebana.
Musika Eskola Azokako espazio modura erabili da lehenengo aldiz, eta espazio horren balorazino ona egin dau antolakuntzeak. Azokeak Durangora zabaltzeko asmoz jarraitzen dau, espazio gehiagotara helduz, eta Musika Eskolea Azokako espazio barri modura finkatzeko asmoari eutsiko deutso kulturearen plazeak. Musika Eskola Azokako ekosistemearen osogai bihurtuko da, beraz.
Balorazinoa ona da DA PRO egitasmoaren kasua be; ekimen hau be Musika Eskolan antolatu da, eta 17 taldek parte hartu dabe, parte-hartzaileek be modu positiboan balorau dabe ekimena, hainbat negozio-aukera sortu diralako dagoeneko, hainbat kontratazino adibidez, eta Azokeak, beraz, egitasmo honetan sakontzeko eta urrats barriak emoteko asmoa berresten dau.
Azokearen eragin ekonomikoa
Aurtengo balorazinoagaz batera, Durangoko Azokeak egiten dauen ekarpen ekonomikoaren inguruko datuak kaleratu ditu Gerediagak, Siadeco ikerketa taldeagaz batera.
Durangoko Azokearen eragin ekonomikoa 5.848.000 eurokoa da. Bisitariek Landako Gunean 1.737.000 euro gastau zituen igazko Azokan: % 60 liburuetan eta % 30 diskoetan. Batez beste, erosle bakotxak 49 euro gastau zituan Landako Gunean. Azokatik kanpora, Durangoko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetan, 28 euro gastau zituen bataz beste.
Aitatu dabenez, bisitarien erdiak Gabonetarako erosketak egiteko aprobetxetan dau Durangoko Azokea. Azokearen eraginez, disko edo liburu bat erosteko asmoa erakutsi dabe bisitari ugarik: % 21ek Azoka ostean liburu bat erosiko dau eta % 22k bi eta bost liburu artean. Diskoei jagokonez, kopurua txikiagoa da: % 10ek izaten dau disko bat erosteko asmoa Azoka ostean, eta % 12k bi eta bost disko artean.
Bisitarien profilari jagokonez, nabarmentzekoa da bisitarien gehiengo zabala 45 urtetik beherakoa dala: 26-45 artekoak dira bisitarien %47, eta 18 eta 26 urte artekoak dira % 20 (16 urtetik beherakoen daturik ez da jaso). Gehienak emakumeak dira, eta Bizkaia (% 48) eta Gipuzkoatik (% 37) datoz batez be. Hamar bisitaritik bederatzi euskaldunak dira.
Durangoko Azokara etorteko zergaitien artean, honakoak dira bisitariek gehien nabarmendu dituenak: euskerea eta euskal kultureari bultzadea emotea, euskal kultureagaz lotutako giroaz gozetea eta euskal kulturako produktuen barri izatea.
Eragileen arloan, 2018ko salmentetan Durangoko Azokeak izandako indarra ezbardina da eragile muetearen arabera. Bataz besteko fakturazinoa % 22koa da. Durangoko Azokako langile kopuruari jagokonez, guztira 1060 persona ibili ziran lanean Azokan eta bezperako egunetan.
Durangoko Azokan izandako eragin ekonomikoa oso positiboa izan dela erantzun dabe eragileen % 21ek, eta nahiko positiboa % 37k. Guztiek Azokeak emoten dauen ikusgarritasuna nabarmendu dabe; gehien balorau dabena Azokearen erakusleiho izakerea da, eta euskal kulturako gainerako eragileakaz hartu-emonak izateko aukerea izatea. Alde negatiboan, erakusmahaien prezioa aitatu dabe.
Nabarmentzeko datua da, bai bisitariek bai eragileek Azokea oso ondo baloretan dabela. Bisitarien kasuan % 70k oso balorazino ona egin dau, eta % 27k ona. Alderdi baikorren artean, eskaintzea eta aniztasuna; sortzaileek Azokan parte hartzea eta Durangon sortzen dan giroa. Alderdi ezkorretan, jentetzea, garraioagaz lotutako arazoak –aparketako arazoak batez be– eta sortzaile ezezagunen ikusgarritasun txikia.
Eragileen artean, % 82k balorazio oso ona edo ona egin dabe. Eta Azokearen oihartzun mediatikoaren balorazinoa be beste horrenbestekoa da: % 41k oso ona dala erantzun dau, eta % 46k ona.
Gerediaga alkartearen irakurketea
Gerediagak azterketa ekonomiko honek azaleratu dituan datuen garrantzia azpimarraitu nahi izan dau. Eragin ekonomikoari jagokionez, nabarmendu dabe 655.000 euroko aurrekontua dauen ekimen batek halako bederatzi eragiten dauela. Horrezaz gan, kontuan hartzekoa da Azokan stand bat jarri dabenen urteko fakturazinoaren pisu handia duela Durangok, bata beste % 22koa baita. Argi dago, kultura konsumoaren aldaketei erantzun egin beharko deutsola Azokeak hurrengo urteetan. Horretarako etenbarik entzuteko jarrereagaz jarraituko dogu. Bereziki gazteengan arretea jartea izango da apustuetako bat.
Azterketan nabarmentzen danez, bisitariek Azokea oso modu positiboan baloretan dabe, baina badira hobetu beharrekoak, batez be aparkaleku eta garraio publikoari jagokonez. Gerediagak ahaleginak egingo ditu bisitariei erraztasunak emoteko Durangora heltzeko, eta deia egiten deutse erakunde publikoei be alkarlanerako, batez be garraio publikoari jagokonean.
Datu ekonomikoez gan, Gerediagak azpimarratu nahi izan dau aberastasuna zenbakietan baino, neurtu ezin dan balioan dagoala: Aurtengo lemeari erreparetan badeutsagu, osotasun baten parte gara gutako bakotxa eta ekosistema berezia osotzen dogu. Ekosistema hau oasi batean gera ez daiten, urte osoan zehar bizia emotea da orain erronkea. Baina horretarako danok gara beharrezkoak, ekosistema hau osotzen dogun guztiok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!