Durangoko Azokearen eragin ekonomikoa neurtu dabe

Bizkaie! 2019-12-08 11:36   Euskerea berbagai

Erosle bakotxak 40 euro inguru gastetan ditu.

Juanjo Allur, Nerea Mujika eta Arantza Atutxa, datuak emoteko agerraldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Agirikoa da Durangoko Azokeak dauen eragina euskal kulturan: Topaleku da, baita produktore zein erosleentzako erreferente be. Euskal kulturearen oasia da, beste inon nekez topauko dogu geure kulturea horren osasuntsu. Baina, horrezaz gan, diru aldetik be eragin sakona dauka, eta berori neurtzeko eskatu deutso Gerediaga alkarteak Siadeco enpreseari.

Azokearen eragin ekonomikoa Landako gunetik harago doa, eta azokearen lau eguneko egitarauaren aurretik eta ondoren be igarten da, Siadecok ikusi dauenez. Enpresa horretako Juanjo Allurrek azaldu dauenez, bene-benetako azokea da Durangokoa, saltzaile eta erosle ugari batzen ditualako, asko saltzen dalako eta danetariko produktuak dagozalako. 

Ondorio hori ateratzeko, 2018ko edizinoan inkestak egin zituen Siadecoko teknikariek. Bisitariak eta eragileak hartu zituen kontuan, alde bateko eta besteko eretxiak batzeko asmoz.

Zenbakien aldetik, azokearen eragin zuzena 3,8 miloe euro ingurukoa da. Zifra handiak dira euskal kulturan, dino Allurrek. Zeharkako eta induzidutako eragina gehituta, 5,8 miloera heltzen da kopurua. Azokara joan eta zeozer erosi dabenek 40 euroko gastua egiten dabe, batez beste; Landakotik kanpoko gastua gehituta (ostalaritzea, garraioa...), 77 euro dira.

Gasturik handiena 36 eta 45 urtekoek egiten dabe. Gizonek emakumeek baino pixka bat gehiago gastetan dabe, baina liburuetan emakumeena da gasturik handiena. Gizonek disko eta mapetara joten dabe sarriago. 

Siadecok nabarmendu dauen beste datu bat zera da, Azokatik kanpo egindako gastuaren zatirik handiena Durangon bertan geratzen dala. Hortaz, ostalariek eta bestelako zerbitzuek be etekina ateratzen deutsie hitzorduari. 

Azokan postuak ipinten dituen eragileen artean, gehienek onura ekonomikoa ateratzen dabe, baina bada ikusgaitasun eta erreferentzialtasun bila doanik be. Urte osoko fakturazinoaren % 22 egiten dabe Durangon, batez beste, baina saltzaile batetik bestera aldea dago: Autonomo eta alkarte txikientzat da esanguratsuena azokako salmenten proportzinoa. 

Gerediaga alkarteko kudeatzaile Arantza Atutxak azaldu dauenez, Durangoko Azokearen balio inmateriala ikaragarria da euskal kulturan, baina eragin ekonomikoa neurtzeko sasoia be izan da. Erronkea be aitatu dau: Urte osoan bizia emon behar deutsagu mobimendu honi, oasia izan ez daiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu