XII. Blas de Otero, XX. Miguel de Unamuno eta XXXVI. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketeak baditue irabazleak
2019-12-05 08:03 KultureaIrabazleen artean Xipri Arbelbide Mendiburu abadea dago, Oilarra Kukuruka lanagaitik.
Blas de Oterori eskainitako poesia-lehiaketan, Amparo López Pascual Guadalajarako idazlea izan da irabazlea gaztelaniazko modalidadean, Ahora soy un pájaro poema-liburuagaz; epaimahaiaren eretxiz, haren meditazino-izakera egokiagaitik nabarmentzen da, eta bertsoaren eraikuntza bikaina egiten dau, berbea errealidadeen sortzaile lez aurkeztuta. Ordezkaezin bilakatzen dan ikuspegi femeninotik idatzitako poema-liburua da, berben bitartez, irudikatutako paisajea irudikatzeaz gan, poetea agertoki emozional bakarrak eregiteko kapaz baita. Amparo López Pascual psikologoa da lanbidez, baina ipuina eta poesia idazten ditu. Haren poesia-lana aldez aurretik aintzatetsia izan da nazinoarteko beste literatura-lehiaketa batzuetan.
Euskerazko modalidadeari jagokonez, Eva Pérez-Pons Andrade Lemoako 23 urteko idazleak jaso dau sari nagusia, Zaharkitzapen programatua lanagaz. Kasu honetan, epaimahaiak haren berbakera barriak balorau eta liburuaren egitura sendoa nabarmendu ditu, gaurkotasunaren eta feminismoaren bidean, gure garaiko bizimoduari buruz gogoetea eginarazoten deuskuen poema deserosoak eskaintzen baititu. Landutako gaien artean, menpekotasunak eragindako indarkeria pasiboa, erromantizismoa edo diruzalekeria nabarmentzen dira.
Blas de Otero Poesia Lehiaketearen edizino honetan 528 lan aurkeztu dira, horreetatik 15 euskeraz. Asko etorri dira Europatik, AEBetatik eta Latinoamerikatik eta horrek frogatzen dau guztiz sendotuta dagoan lehiaketa honen nazinoarteko izakerea. Irabazle bakotxak 5.500 euro jasoko ditu.
Raúl Rodríguez Ferrándiz alacantarrak, barriz, Miguel de Unamuno saiakera-lehiaketearen XX. edizinoko gaztelaniazko saiakerearen kategorian irabazi dau, Magias de la ficción izeneko azterlanagaz. Epaimahaiak nabarmendu dau sakontasun teoriko eta filosofikoagaz fikzinoaren eta guzurraren arteko hartu-emonak arakatzen dituan ikerketea dala, hori guztia, kalidade literario nabarmenagaz, adibide anitz eta ondo kontautakoakaz. Raúl Rodríguez Ferrándiz Espainiar Filologian doktorea da, eta Masen Komunikazinoaren Semiotikako irakasle titularra Alacanteko Unibersidadean.
Euskerearen kategorian, Xipri Arbelbide Mendiburu abade, aditu, idazle eta Iparraldeko kazetariarentzat izan da sari nagusia, Oilarra Kukuruka lanagaitik. Kasu honetan, epaimahaiak modu positiboan balorau dau haren irakurketa atsegina, testuak sortzen dauen atmosferearen ondorioz. Argudio eta arrazoiak ekarteaz gan, Baionako Eleizbarrutiaren historiaren errepasoa egiten dau egileak 60ko hamarkadatik gaur egunera arte. Saritutako entsegu bakotxak 6.000 euroko saria jasoko dau eskudirutan. Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketearen edizio honetan 109 lan aurkeztu dira gaztelaniaz eta 10 euskeraz.
Ipuin Lehiaketea
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen XXXVI. edizioak gaztelaniazko sari nagusia emon deutso Carlos Schilling idazle argentinarrari La muerte en Venecia (John Cheeverrek barridatzia) kontakizunagaitik. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, asmo handiko proposamen originala da, eta garai bi eta literatura-estilo bi buztartzen ditu, begirada bikotxetik (narratiboa eta autokontzientea) eguneratuta. Balorazinoaren arabera, kontakizun estimulatzaile, metaliterario eta intertestuala da.
Euskerazko ipuinen modalidadean, Iñaki Irasizabal Izagirrerentzat izan da saria, Epailearen aginduz lanagaitik. Kasu honetan, epaimahaiaren eretxiz, txalogarria da ipuinaren biribiltasuna; elementu guztiak behar bezela buztartuta dagoz kontakizunari beste argi bat emonez. Saria 3.500 eurokoa da, modalidade bakotxean.
Epaimahaiak 1.750 euroko lau akzesit emon deutsee Goiatz Labandibar Arbelaitzi (Senide kontuak) eta Asier Serrano Lasari (Gure Gernika galduak) euskerazko ipuinen kategorian, eta Carlos Garcia Burgosi (El desentierro) eta Santi Perez Isasiri (Hijomuerto) gaztelaniazko ipuinen kategorian. Azken edizino honetan 1.422 lan aurkeztu dira, 1.347 gaztelaniaz eta 75 euskeraz.
Blas de Otero-Bilboko Uria Poesia Lehiaketea, Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketea eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketea urtero deitzen ditu Bilboko Udaleko Kultura Sailak, literatur jarduerea sustatzeko eta talentu barriak topetako, eta hiru egile bilbotarren memoria eta lanari bizirik eusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!