Botabaren hirugarren edizinoak baditu irabazleak
2019-12-05 08:06 Euskerea berbagaiLau-zortzi egin, beheak behera etorri eta intxaurra hausteko harri egokia aurkitu esamoldeak erabili ditue saridunek.
Euskal esamoldeen erronkea da Botaba, Labayru Fundazinoak antolatua eta gazte euskaldunei zuzendua. Sare sozialak erabili ditue parte-hartzaileek, euskerazko esamoldeen inguruko bideo laburrak bialtzeko. Hirugarren edizinoa inoz baino gazteagoa izan dala dinoe Labayrukoek, bideoak bialdu dituenen edadea ikusita, eta Bizkaikoak ez eze, inguruko herrialdeetako parte-hartzaileak be egon dira.
Sari nagusia eta esamolderik originalenarena emon ditue. Epaimahaiak Sopelako Garoa Lopezortegari emon deutso kategoria nagusiko saria, beheak behera etorri eta lau-zortzi egin esamoldeakaz egindako bideoagaitik. Esamoldeok kontestu eta modu egokian erabili ez eze, Labayruk jaso bako esamolde original biren ekarpena egin dau irabazleak. Europan zehar hilabete osoz bidaiatzeko Interraileko lau txartel emon deutsiez.
Esamolde originalaren saria, bestetik, Bilbo aldera joan da, @intxaurrondohandia taldearentzat izan da eta. Intxaurra hasteko harri egokia aurkitu esamoldearen kontura egindako bideoa aurkeztu dabe lehiaketara, eta Leaktibaik eskainitako lau lagunentzako abentura-esperientzia da euren saria.
Lehiaketara aurkeztutako lehenengo hamarren artean Bilbao BBK Live jaialdirako lau sarrera zotz egin ditue, eta Ermuko @igpermua taldeari egokitu jakoz. Botaban hartu dabe parte porru eginda esamoldearen kontura egindako bideoagaz.
Aurtengo lehiaketearen nobedade nagusia beroketa fasea izan da, hau da, lehiaketea bera hasi aurretik antolatutako probak eta zabaldutako bideo jakingarriak. Fase horretan sari batzuk emon ditue: Donostia Festibalerako lau sarrera irabazi ditu Hondarribiko @mala48177 taldeak enterru zibila egin esamoldea antzezteagaitik, eta Iurretako @pauleazpi_ lehiakideak, barriz, personalizautako Mr. Euskaldun produktuak eskuratu ditu, jota egon espresinoaren inguruko lanari esker.
Urtero legez, sari-banaketa ekitaldia Durangoko Azokan egingo da abenduaren 6a, 14:00etan, Landako Guneko Areto Nagusian. Iban Garcia ibiliko da aurkezle, eta erakunde zein babesleen ordezkariek be hartuko dabe parte, besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria, Koldo Bilbao BBK Fundazinoko ordezkaria, Adolfo Arejita Labayru Fundazinoko zuzendaria, saridunak eta euskal esamoldeen erronkea babestu daben enpresak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!