Euskal Herriko milaka ikaslek hasierea emongo deutsie Durangoko 54. Azokeari
2019-12-05 08:10 azokakAbenduaren 5ean, 10:15ean zabalduko ditue ateak Landako Gunean.
Ordu batzuk baino ez dira falta Durangoko 54. Azokea hasteko, eta Landako gunean muntaketa-lanak amaitzen dabiz. Bihar hasi eta abenduaren 8ra, 200 ekitaldiz osotutako egitarauaz gozau ahal izango da, Azokako zazpi guneetan. Landako Gunean 264 erakusleiho izango ditue, 405 nobedadegaz: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari eta bestelakoak.
Urtero legez, Landako Guneko ordutegia 10:30etik 20:00ak arte izango da. Bihar, lehenengo eguna izanik, atea 10:15ean zabalduko dabe, Landako etorbideko atean. Bertan, Arymux artisteak, zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizun laburra egingo dau, eta berak edegiko ditu Landako Guneko ateak, Durangoko Azokako 54. edizinoari hasierea emonez.
Landako Guneko ateak zabaldu eta azken urteetan lez, milaka ikaslek Durangoko Azokako zazpi guneak leporaino beteko ditue. Euskal Herri osoko ikastetxeak hurreratuko dira Durangora: Agoitz, Portugalete, Usurbil, Ziburu, Sodupe, Bera, Kanbo, Lartzabale, Trapagaran, Durana, Oion, Mutriku zein Otsagabiakoak.
Goiz osoan zehar, ikasleek disziplina ezbardinetako tailerretan parte hartzeko aukerea izango dabe: Enkarguz tailerra Ahotsenean (Andoni Egaña, Alberto de Abajo eta Xabier Zabalagaz); Liburu bat egingo dut tailerra Areto Nagusian (Euskal Editoreen Alkarteak antolatuta); Soinu efektuak zinemagintzan Irudienean (Pixelatuk eta Zineuskadik antolatuta), Moon konputagailu baten funtzionamendua ulertzeko mahai jolasa Kabi@n; Euskal kantagintzaren transmisinoa Plateruenan (Luhartz taldeagaz); Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak Saguganbaran; Antzerkia sortzeko lehenengo urratsak Szenatokian (Karrika antzerki taldearen eskutik); Kaligrafia tailerra (Arte eta Historia Museoan) eta kaligrama tailerra (Durangoko Bizenta Mogel Liburutegian).
Aldi berean, Musika Eskolan, DA! PRO egitasmoa antolatuko da lehenengo aldiz, musikari, programatzaile eta diskoetxeen arteko topagunea, hain zuzen. 17 musika taldek aurkezpenak egingo ditue musika-industriako kideen aurrean, 10:00etatik 13:00ak arte. Ekimen hau Musika Bulegoagaz lkarlanean egingo da.
Behin Ikasle Goiza amaituta, Azokea bere ohiko egitarauagaz hasiko da: Ahotseneako zuzenekoen karpan, Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner taldeak ibiliko dira. Barriketaldien gunean, barriz, sortzaile ugarik parte hartuko dabe, besteak beste, Yolanda Arrietak, Asel Luzarragak, Iñigo Astizek, Maite Mutuberriak, Felipe Juaristik, Mikel Markezek eta Miren Agur Meabek.
Areto Nagusian lehenengo aurkezpenakaz hasiko dira 13:30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko ditue, berbarako, Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak eta, Alex Txikon mendizalearen Mundu bat motxilan.
Irudienean Ipar Euskal Herriko produkzinoak izango dira protagonista: Hiru uhinak dokumentala, Ito fikzinoko film labur kolektiboa, Tantaka websaila... Kabi@n proiektu oso interesgarri bi aurkeztuko dira: ZUT aldizkari digital multimedia, IXA websaila eta Hirikilabs egitasmoa.
Saguganbaran, areto handian aurkezpen ugari egongo da: Xapoketan karta-jokoa, Xaxardi umeentzako ipuinaren aurkezpena, Kokojoko bideo-jokoa eta bestelakoak.
54DAko inaugurazino ekitaldia 19:00etan izango da, Musika Eskolan. Oparitarako izeneko ekitaldia Kepa Errasti aktoreak gidatuko dau eta, bertan, Azokako ordezkari eta babesle publikoetako ordezkariek parte hartuko dabe: Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkullu, Durangoko alkate Ima Garrastatxu, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzarako Foru diputadu Sergio Murillo eta Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko Harremanetarako Departamentuko kontseilari Ana Ollo. Herri-mobimentu eta euskalgintzako kideak be bertan izango dira.
Urtero bezela, eguna Plateruenan amaituko dogu. Lehenengo gau honetan Arabako ska doinuak izango dira protagonista: ETS En Tol Sarmiento taldeak Aukera berriak lana aurkeztuko dau (8 euro webgunean eta 10 euro txarteldegian).
Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean konsultau daitekez.
Durangoko Azokako antolakuntzeak dei egiten deutse bisitariei garraio publikoa erabili deien Durangon sartzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an.
Autoa erabiltekotan, azokazaleek dobako autobus-zerbitzua izango dabe Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunagaz, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!