Algortako Bariko San Nikolaseko organoa abenduaren 6an berrinaugurauko dabe
2019-12-04 09:13 MusikeaGetxo da, Bilbogaz batera, organoaren munduan ondare aberastasun handiena dauen Bizkaiko udalerria.
Datorren barikuan, abenduaren 6an, Algortako Bariko San Nikolas parrokiako organoak bere distira guztia erakutsiko dau, sakon zaharbarriztau ondoren. Egun horretan, San Nikolas egunean, 12:00etan, eleizako parrokoa Javier Garaik meza nagusia emon, Biotz Alai abesbatzak abestu eta Pedro Guallar organo jotzaile getxotarrak parte hartuko dau. Ospakizuna amaitu ostean, errezitaldi txiki bat eskainiko dau. Beste kontzertu bi be iragarri ditue, abenduaren 27an eta urtarrilaren 25ean, hain zuzen be.
Zaharbarriztea
Organoa zaharbarriztuteko 18 hilebete behar izan ditue eta Alejandro Turanzas organo maisuak zuzendu dau prozesua. Parrokiako eleiztarrek eta musikazaleek bultzatu dabe baina 60.000 euroko kostua Getxoko Udalak, Andrés Isasi Musika Eskolearen bitartez, 6.000€ finantziau ditu. Kontzertuen programarako 2.775 euroko diru-laguntzinoa emon dau Udalak.
Txema Batarrita organoaren zaharbarriztea bultzatu dauen batzordeko bozeroaileak azaldu dauen legez, 1908an Parisko Organo Handien Manufakturea J.Merklin & Cie tailerretan Algortako San Nicolas de Bari eleizarako eregitako tresnea da. Garai haretan 28.500 pezeta balio izan eban eta Jose Antonio de Uriartek eta Sustachak emon eben horretarako dirua. Haretx zurez egina dago, eta barruan 1.500 hodi baino gehiago ditu, eztainuzko eta berunezko aleazinoan eginak. 56 notatik gorako eskuzko tekladu bi eta 30 notako pedalier bat ditu. Barruan animalia-larruzko hiru fuel ditu, konponketa honetan guztiz barriztau diranak, baita horreek elikatzen dituan haizagailu elektriko isila be.
Amaia Agirre alkatea pozik agertu da tresna hori berreskuratu dalako, udalerriko ondare eta kultura aberastasun handiaren erakusgarri baita: Getxo da, Bilbogaz batera, esan dau Agirrek, organoaren munduan ondare aberastasun handiena dauen Bizkaiko udalerria. Hainbat dira gure udalerrian nabarmendu beharreko organoak. Horreen artean, estilo erromantikoko San Nikolas organoagaz batera, Andra Mari eleizakoa (erromantiko-berantiarra) be nabarmendu daiteke, Corpus Christi eleizatik ekarri zana, edo Las Mercedeseko organoa, estilo neo-barrokokoa, Madrilgo Errege Antzokitik ekarritakoa. San Nikolaseko organoaren aitamen berezia egiten dogu gaur. Azken urteotan maisu handien eskutik entzuteko aukerea izan dogu, baina hondamenak haren onena eskaintzea eragozten eban. Orain hasten da harentzat garai barri bat eta, Udalak, ha balioan jarten lagundu nahi izan dau.
Kontzertuak
Abenduaren 6ko ospakizunari, San Nikolas egunari beste kontzertu bi gehitu behar jakoz: Abenduaren 27an, 20:00etan, Daniel Oyarzabalek kantaldia eskainiko dau eta urtarrilaren 25ean, Aitor Olea organisteak joko dau Patricia Sesar sopranoak lagunduta.
Hurrengo hilebeteetan hainbat jarduera antolatuko dira, berbarako kontzertuak, bisita gidatuak korura eta organora, eta barriketaldiak organo honi eta antzeko beste batzuei buruz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!