'Bide barriak' eginez, azken hamarkadetan euskerari emondako bultzadeak ez dau etenik behar
2019-12-04 08:48 Euskerea berbagaiEuskerearen alde gizartearen atxikimendua sano garrantzitsua da.
Euskerearen Nazinoarteko Egunaren ospakizunean Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian. Bide barriak, modu barriak lemapean, Urkulluk azken hamarkadetan euskerearen sustapenean egindako ibilbidea autortu nahi izan dau, nabarmenduz aurrerantzean bide barriak hartu beharko dirala euskerea gizartearen esparru guztietan hazten jarraitzeko, lan-mundutik hasi eta aisialdiaren esparruraino, kultura-sorkuntzea atzean itxi barik.
Euskal erakunde nagusietako ordezkariez gan, Lehendakariagaz batera honako ordezkari honeek izan dira Eusko Jaurlaritzearen izenean: Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta bozeroailea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; eta Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
Adierazpena
Ilaski Serranok eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztutako ekitaldian, enpresa, kultura, kirol edota ikerketearen arloko hainbat ordezkarik hartu dabe parte, zuzenean edo bideoen bidez, eta berretsi dabe euskerea arlo guztietan sustatzeko apustua. Eusko Jaurlaritzeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira adostutako adierazpena irakurri dabe; oraintsu argitaratutako agiri horretan, erakundeen eta euskerearen aldeko gizarte ekimenaren arteko alkarlanaren garrantzia azpimarratzen dabe, baita euskerearen aldeko bultzadan gizartearen atxikimenduak dauen garrantzia be.
Lehendakariak gizartearen atxikimendu hori nabarmendu dau euskerearen sustapenaren oinarri nagusi legez: Euskal gizarteak hautu bat egin eban aspaldi eta aldiro berretsi egiten dau: euskerea bizi-bizirik gura dogu gaurko eta biharko gizartean. Garenaren parte garrantzitsua dalako, aberasten gaituelako, euskereak gehitu egiten dauelako, inoiz ez kendu... Euskereak, bere txikitasunetik eta bere neurrian, mundua aberasten dau, anitzago egiten dau... Ibilbide bat egin dogu, ibilbide horri jarraipena emotea jagoku.
Emonaldietako bat Eider Etxeandia abeslariarena izan da; Lauaxetaren Bide barrijak obran oinarritutako bersinoa egin dau, eta Urkulluk erreferentzia hori erabili dau etorkizunari begiratzeko: Etxeparek orain bost mende eskatu eban legez, euskaldunok bide luzea dogu egina euskerea duintasun osoz plaza eta eremu guztietara eroateko. Lauaxetak orain dala ia mende bat adierazo eta Eider Etxeandiak gogoratu bezela, bide barriak hartuko ditugu unean uneko egoereari ahalik eta egokien erantzuteko. Euskerea bultzatzen jarraitzeko barrikuntzaren aldeko apustu horren adibidetzat, Iñigo Urkulluk Euskaraldia aitatu dau, datorren urtean bigarren edizinoa ospatuko dalako.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Kike Amonarriz arduratu dira Euskaraldiaren bigarren edizinoaren ganeko kontuak zehazteaz; orain urtebete, lehen edizinoan, 225.000 lagun inplikau ziran euskerearen erabilerea bultzatzen. Nabarmendu dabenez, bigarren edizinoak, lehenengoak lez, banakako inplikazinoaz gan, erakundeen eta kolektiboen parte-hartzea be gura dau.
Lehendakariak bere berbaldia amaitzeko, euskal hiztunei eskerrak emon deutsee euren gogo, anbizino, ilusino eta irudimenagaitik, euskerearen erabilerarako esparruak irabazten jarraitzeko. Ekitaldia Itoiz taldearen Lau Teilatu abestuz amaitu da, EiTB Maratoiagaz eta umeen minbiziaren kontrako burrukeagaz bat eginez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!