Euskerazko arlo juridikoari ekarpena egingo deutso Hiztegi Juridikoak
2019-12-03 10:46 Euskerea berbagaiUPV/EHUko bost koordinatzailek, hamabost taldeburuk eta 51 autorek egin dabe lan.
Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) euskerazko arlo juridikoari oinarrizko ekarpena egin nahi deutso UPV/EHUko Zuzenbide Fakultadearen Hiztegi juridikoaren bitartez. Esangura horretan, terminologia bateratua adosteko eta erabilteko aukerea ahalbidetzen dauen euskarri elebiduna da Durangoko Azokan aurkeztuko dan hiztegi juridiko hau.
Zuzenbide Fakultadeak 50 urte bete ditu aurten, eta 30 baino gehiago dira euskeraz irakasten hasi zanetik. Danetara, 2.000 ikasle lizentziau eta graduau dira euskal adarretik urte horreetan guztietan. Egun, Zuzenbideko Gradua, Kriminologiako Gradua eta Enpresa Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu bikotxa euskeraz osorik egiteko aukerea eskaintzen dauen unibersidade bakarra gara, zehaztu dau Juana Goizueta UPV/EHUko Zuzenbide Fakultadeko dekanoak.
Ikertzeko, lan barriak egin eta lan horreek modu argian zabaltzeko aukerea izan deien, irakaskuntzearen eta dibulgazinoaren bitartez, edozein diziplina akademikok corpus linguistiko normalizatu eta egonkor bat izan behar dau: Hizkuntza normalizatu bat izan ezean, ahalegin akademikoak atzean geratzu eta are okerrago, nahasmenera kondenauta dagoz, zehaztu dau Jon Zaratek, Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arloko errektoreordeak.
UPV/EHUko Zuzenbide Fakultadeko bost koordinatzailek, hamabost taldeburuk eta 51 autorek lan egin dabe hiztegian, bai eta berbakera eta komunikazino juridikoa irakasten eta jurilinguistikearen alorrean lan egiten daben hiru hizkuntzalarik be.
Gizarte osoari zuzendua
Hiztegia erreferente zientifikoa da zuzenbidearen arloko profesionalentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat, baina zuzenbideak komunikabideetan eta, oro har, gizarte-bizitzan dauen sekulako eragina kontuan hartuta, zilegi da esatea gizarte osoa dala hiztegi honen hartzailea: Horrexegaitik, hiztegi hau Zuzenbide Fakultadeak gizarteari eta euskerearen garapenari egiten deutson ekarpenaren lekukotzat har daiteke, baina fakultadeko kideek lau urte luzez alkarlanean egindako proiektua danez, fakultade legez euskera juridikoa jorratzeko konpromiso sozialaren adierazle agirikoa da, azpimarratu dau Zaratek.
Beste ekarpen batzuk
• 2008. urtetik, nazinoarteko eta estaduko funtsezko legeak emoten ditu UPV/EHUk euskeraz Legeak/Leyes UPV/EHUko argitalpen sailaren bidez; honezkero 23 liburu argitaratu dira, eta beste 4 liburu barri dagoz bidean.
• 2012tik, Euskera Juridikoaren Ataria eskaintzen dau Zuzenbide Fakultadeak bere webgunearen bitartez, Euskera Zerbitzuagaz alkarlanean.
• 2012tik, Zuzenbide Corpusa eskaintzen dau Euskera Institutuagaz alkarlanean.
• 2014tik Zuzenbidea Ikasten eta Kriminologia Ikasten aldizkari akademiko indexatuak argitaratzen dira euskeraz.
• Testuliburuak, ikasmaterialak, apunteak eta beste material akademikoak lantzen dira etenbarik Zuzenbide Fakultadean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!