Nafarroako Parlamentuak dominea emon deutso Euskaltzaindiari

Bizkaie! 2019-12-03 10:15   Euskerea berbagai

Euskerea herri osoaren ondasuna dala aldarrikatu dau Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Unai Hualde eta Andres Urrutia (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egun berezia da gaur, abenduak 3, Nafarroan. Batetik, San Frantzisko Xabierkoa Nafarroako patroiaren jaieguna da, eta, bestetik, Euskerearen Nazinoarteko Eguna. Bezperan, hilak 2, Nafarroan euskerearen aurrerabideari lagundu deutsan erakunde bat, Euskaltzaindia, saritu dau Nafarroako Parlamentuak, dominea emonda. Parlamentuak egin leiken autortzarik baliotsuena da domina hori.

Ekitaldian, goi mailako ordezkari ugari egon dira: Nafarroako presidente Maria Txibite, Parlamentuan ordezkaritzea daben alderdietako ordezkariak, Uxue Barkos lehendakari ohia, Bakartxo Tejeria  Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia... Euskaltzaindiaren partetik, Andres Urrutia egon da, eta Parlamentuaren izenean, Unai Hualde presidentea. 

Ehun urte bete ditualako emon deutsie dominea Akademiari. Hasiera-hasieratik, Nafarroako erakunde publikoen babesa izan dau Euskaltzaindiak, eta bien arteko hartu-emonak ugariak dira gaur egun be. Hori dala eta, aho batez erabagi dabe parlamentariek errekonozimendua egitea. Ehun urteko ibilbideak merezi dau alderdien arteko burrukak alboratzea, halaxe ulertu dau Parlamentuak; hizkuntza politikearen arloko beste akordio zabalago batzuen ataria izango ahal da, adierazo dau Hualdek.

Euskerearen egungo egoerea ezin da ulertu Euskaltzaindiaren lanari erreparatu barik. Bihoakie nire esker ona eta errekonozimendua euskaltzain izan diran guztiei, batez be haren jatorrian izan ziran Arturo Campion eta Jose Agerre nafarrei, eta gaur egun hareen lekuan dagozan Pello Salaburu, Sagrario Aleman, Andres Iñigo, Patxi Salaberri eta Patxi Zabaletari, ganeratu dau Parlamentuko presidenteak. Castillo Suarezen olerki bat irakurri dau Hualdek, adierazpen instituzionalaren aurretik.

Andres Urrutia euskaltzainburuak esan dau Nafarroan euskerea sustatu eta lantzeko lehen mailako tresnea dala Euskaltzaindia, euskerea eta euskal kulturea sortu, zabaldu eta gizarteratzeko ekimenen bitartez, ehun urtean zehar, eta ez beti egoera errazetan. Ondoren, zera ganeratu dau: Euskaltzaindia beti ahalegindu izan da bere eginkizuna beteten politikaz kanpo eta politikearen ganetik, euskerea herri baten ondasuna dalako, danon ondasuna.

Unai Hualdek dominea, erabagiaren testua eta adierazpen instituzionalaren kopia emon deutsaz Urrutiari. Ekitaldia amaitzeko, Julio Sotok bertso batzuk bota ditu eta Duguna Jantza Taldeak saio labur bat eskaini dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu