'Maketo zahar eta barrien' duintasuna aldarrikatu dau Doctor Deseok
2019-12-02 13:14 MusikeaEuskerazko abestien bildumea da Maketoen iraultza disko-liburua.
Gaztelaniaz kantetan dauen taldea izan arren, badira hogei urte baino gehiago Doctor Deseo euskerazko abestiak sartzen hasi zanetik diskoetan; normalean, argitalpen bakotxeko bat izaten da euskeraz. Maketoen iraultza bilduman (Baga Biga), orain arte argitaratutako guztiak batu ditu talde bilbotarrak.
Hamahiru kantu dakarz disko-liburu barriak, horreetatik hamaika aurreko lanetan argitaratuak. Ganera, Doctor Deseok 18/98 prozesu judiziala salatzeko diskoan parte hartu ebaneko kantua be sartu dabe, eta disko-liburuari izena emoten deutsan Maketoen iraultza da pieza barri bakarra.
Hain zuzen be, Doctor Deseok proiektu honetan aldarrikatu nahi izan dauena laburbatzen dau kantu barri horrek. Maketoen, beste leku batzuetatik Euskal Herrira lanera etorri behar izan eben familien historia gogoratzea da asmoa, eurak be herri honen parte dirala argi eta garbi esatea. Lege zahar eta memoria ezabatuen ganetik, duintasunez egin dabela aurrera eta gizarte garaikidea eregiteko ezinbestekoak izan dirala.
Idealizazino barik, baina gizarte multikulturalaren alde egin dau Francis Díez taldeko kantariak. Endogamian dagoan gizarte bat desagertzera kondenauta dago, azaldu dau, migranteek ez dabe euren herritik alde egiten kulturartekotasuna probau nahi dabelako, bizirauteko leku hobe baten bila doaz, eta hori ezin dabe legeek eta harresiek geratu. Bilbo inguruko maketoen auzoetan hazitakoak gogoratu ditu Díezek, baina gaur egun beste herrialde batzuetatik datozan etorkinentzat be bada diskoa. Maketo zaharrak eta barriak gara, eta ez gara hemendk joango.
Orain dala hamahiru urte Ekuatore Gineatik etorritako Clemente Macole da maketo barri horreetako bat. Diskoaren azal deigarri eta probokatzailean agertzen da bere gorputza. Baina, Francis Díezek zehaztu dauenez, Clemente ez da apaingarri hutsa. Hernanin bizi da, euskeraz ondo daki eta Euskal Herriaren parte da, azalaren kolorea ez dalako garrantzitsua.
Hortaz, sasoi baten irain izandako berbea, maketo, harrotasun bihurtu dabe Maketoen iraultza-n, non eta euskera hutsean egindako disko baten. Aitaren etxearen mitoa uritartu egin dau Doctor Deseok. 1986an joten hasi zanetik taldeak izan dauen izakerearen erakusgarri da, azken baten, bilduma barria.
Doctor Deseoren bilakaerearen lekuko be bada Maketoen iraultza, Díezek onartu dauenez. 1995ean plazaratu eben euskerazko lehenengo kantua, eta harrezkero izandako bidea erakusten dabe diskorik disko agertutako pieza bakanek. Xabier Leteren eta Lauaxetaren poesiak, Edorta Jimenez eta Unai Iturriagaren berbak... erabili izan ditue. Kantuak hurrenkera kronologikoan ipini ditue diskoan, baina gaur egunetik hasita.
Zuzenean kontzertu gitxi baina bereziak joteko asmoa dabe. Lehendik be, 2011ko Euskerearen Egunaren eta 2016ko Kilometroak jaiaren harira, euskera hutsezko kontzertuak emon izan ditu Doctor Deseok. Oraingoan, emonaldiaren lehenengo partea, gitxienez, euskeraz izango da.
Hego Euskal Herriko lau uriburuetan, Madrilen, Bartzelonan eta Mexikon joteko asmoa dabe bilbotarrek, udabarrian egingo daben bira labur horretan. Halandabe, guztiz zehazturik ez dago, ez diralako etorkizunari larregi begiratzeko zaleak; Francis Díezen arabera, egunean egunekoa bizi nahi dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!