EraMiak, Etxegoien, Otxoteko eta Astiz Lauaxeta saridunak
2019-12-02 13:05 KultureaEuskerearen normalizazinoaren alde nabarmendutakoei eskerrak emoteko modua dira sariok.
Abenduaren 2an, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak 2019ko Lauaxeta Sariak emon ditue Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldian.
Unai Rementeriak nabarmendu eta eskertu dau EraMiak programearen ibilbidea, ekitaldira joan diran programearen 17 kideen aurrean, eta azpimarratu dau euskerearen erabilerearen mikroplanen bidez egiten dagoan lan handia, izan be, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako EraMiak programearen helburua da euskere gero eta gehiago izatea administrazinoaren barruko lan-hizkuntzea.
Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak nabarmendu du zelako balioa daben gainerako saridunen lanek euskerearen sustapenean. Edizino honetan, Iñigo Astiz izan da irabazlea poesia-kategorian, 35 urtez beherakoentzako modalidadean, Analfabetoa poema-bildumari esker; Pello Otxoteko, barriz, poesia-kategorian, Itsas Bizimina poema-bildumeari esker, eta Fermín Etxegoien, Euskaltzaindia: Egunak eta lanak obrearen zuzendaria, ikus-entzunezkoen kategorian.
Sariok Bizkaian euskerearen sustapen, zabalkunde eta normalizazinoaren aldeko ahaleginetan nabarmendutako personei edo taldeei eskerrak emoteko modua dira, bai eta egin daben lana jentaurrean aintzatesteko modua be.
Kontuak kontu, 2019ko Lauaxeta Ohorezko Saria EraMiak hizkuntza-normalizazinorako programeari emon jako.
Aurten, Lauaxeta Ikus-entzunezkoen Saria Fermin Etxegoieni emon deutso Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskaltzaindia: Egunak eta lanak ikus-entzunezkoagaitik.
Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtetik gorakoen kategorian, Pello Otxotekori, Itsas Bizimina poema-bildumearen egileari, emon jako.
Azken buruan, 35 urtetik beherakoen kategorian, barriz, Iñigo Astiz nafarra da saritua, Analfabetoa lanagaitik: Danok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzino baten aurrean, baina horrek ez dau esan gura gaur egun inguratzen gaituen mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen be, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak —batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak emoten dituen poz txikiak— jorratzen ditu Iñigo Astizek bigarren poema liburuan.
Analfabetoa liburuaren azala Asier Mendizabalen irudi bat da.
Beste alde batetik, Iñigo Astizek eta Maite Mutuberriak Joemak eta polasak olgeta-poema liburu ilustratua aurkeztu dabe oraintsu.
Itzulpen lanetan be ibili da eta Sandro Penna poeta italiarraren 'Bilduma bat' be plazaratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!